Diego Ruiz de Arkautek irabazi du ziztu bizian jokatu den 17. Zumaia Saria

Juan Luis Romatet 2025ko ots. 22a, 15:30

Zumaiako XVII. txirrindularitza sariko podiuma. (Juan Luis Romatet)

Hogei minutu baino gehiagoko aurrerapenarekin helmugaratu dira txirrindularitza proban aritu diren kirolariak. Ohi bezala, esprintean erabaki da lasterketa. 

Arratsaldeko ordu batak jotzeko minutu batzuk lehenago helduko zirela aurreikusten zen, baina azkar ibili dira gaur Zumaiako XVII. txirrindularitza sarian atera diren ziklistak, eta 12:30erako dagoeneko Zumaian ziren, proba osatzen zuten 112 kilometroak eginda. 

Goizeko 10:00etan abiatu dira Zumaiatik, eta eskualdean zehar diseinatutako ibilbidea egin behar izan dute Euskaldun torneoari hasiera eman dion hitzorduko parte hartzaileek. Hego Euskal Herriko errepideko denboraldiari ere hasiera eman dio Zumaiako probak, eta bertan izan dira eliteko eta 23 urtez azpiko kategorietako txirrindulariak. 

Zumaian ohikoa den bezala, esprintean erabaki da proba, eta irabazlea Rural Kutxako txirrindulari Diego Ruiz de Arkaute arabarra izan da. Bigarren postuan sailkatu da Finisher taldeko Roger Pareta, eta hirugarren Electro Alavesa taldeko Nicolas Agirre. Ruiz de Arkautek jantzi du Euskaldun torneoko lehen liderraren mailota. 

Rural Kutxa taldeak eraman ditu Zumaiako garaikur gehien. Irabazlearenaz gain –Viveros San Antonek emandako marisko sorta ere eraman du–, mendiko irabazlea Dario Giuliano izan da, eta taldekakoa ere eraman dute. Tarteko helmugako irabazlea, berriz, Eiser taldeko Iñaki Trujillo izan da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide