Julia Monge eta Juan Ramon Garai: "Gerrako umeak frankismoaren eskubide urraketen lekuko dira"

Juan Luis Romatet 2025ko urt. 31a, 13:00

Espainiako gerraren ondorioz Euskal Herria utzi behar izan zuten umeen inguruko Orratz begia erakusketa izango da ikusgai bihartik otsailaren 16ra bitartean Alondegiko Oxford aretoan.

Gerrako umeen inguruan Arrasateko (Gipuzkoa) Intxorta 1937 elkarteak egindako lanketa baten emaitza ikusgai izango da Zumaiako Alondegiko Oxford aretoan. Haren inguruan hitz egin dute Julia Monge (Arrasate, 1957) eta Juan Ramon Garai (Arrasate, 1949) elkarteko kideek.

Zer jaso duzue Orratz begia erakusketan? 

Julia Monge: Azken lau urteetan egin dugun lana jaso dugu. Zehazki, gerrako umeen historia kontatzen du erakusketak. Hiru zutabe ditu. Batetik, testuinguru historikoa kontatzen du Josu Txuekak. Bestetik, belaunaldien arteko memoria nola transmititzen den landu du Monica Jatok. Hirugarren atala bisualagoa da, Judit Martinezek egindakoa.  

Gerrako ume horiek Euskal Herria utzi behar izan zuten. Zer egoera bizi izan zuten? 

Juan Ramon Garai: Euskal Herria utzi behar izan zuten, faxistek borrokan zebiltzanak bakarrik ez, pertsona zibilak ere bonbardatzen zituztelako. Hasiera batean Frantziara joan ziren, eta handik Errusiara, Belgikara edota Herrialde Katalanetara lekualdatu ziren batzuk. Beste batzuk zuzenean Ingalaterrara joan ziren hemendik, edo Ameriketara, Mexikora nahiz Txilera. Uste dugu guztira 0 eta 16 urte bitarteko 35.000 haur baino gehiagok alde egin behar izan zutela Euskal Herritik. Gipuzkoan 10.500 ume aurkitu ditugu. Araban, Bizkaian eta Nafarroan hasi gara gaia lantzen, eta uste dugu 20.000 umetik gora  joan zirela lurralde horietatik. 

Zer bizitza izan zuten haur horiek erbestean? 

J.R.G.: Herrialde batzuetan hobeto moldatu ziren, beste batzuetan okerrago. Errusiara joan zirenak, lehen lau urteetan, II. Mundu Gerra hasi arte, oso ondo egon ziren. Euskal Etxeak zituzten han, janaria soberan, eta ikasketak ere bazituzten. Gerra hasi zenean dena pikutara joan zen. Kataluniara joan zirenak ere ondo egon ziren, bertako gobernuak, alderdi politikoek eta gizarte erakundeek laguntza handia eman zietelako. 50.000 euskal herritar egon ziren, gutxienez, Katalunian. Bestalde, Frantzian ez ziren hain ondo egon, gobernua errefuxiatuen aurka zegoelako.  

Ba al dakizue zenbat haur itzuli ziren Euskal Herrira? 

J.M.: Haur horietako batzuk orduko Eusko Jaurlaritzak antolatutako bidaietan joan ziren, eta beste batzuk familiekin. Ez dakigu horietatik zenbat itzuli ziren. Asko joandako herrietan geratu ziren. Errusiara joandako asko bertan geratu ziren, eta itzuli zirenak oso berandu itzuli ziren. Haur batzuk bidean hil ziren, edo joandako herrietan.

J.R.G.: Gipuzkoan hildakoak eta jaiotakoak zenbatuta ditugu. Erbestean ehunka gipuzkoar jaio ziren, baina zenbat etorri ziren bueltan jakitea zaila da.  

Haur horien guztien inguruko dokumentazioa lortzea erraza izan al da? 

J.R.G.: Argitaratutako liburu batzuk oso baliagarriak izan zaizkigu. Eusko Jaurlaritzaren artxibotik ere informazio asko lortu dugu, baita, Espainian, Salamancakotik eta Alcala de Henaresekotik ere; Frantzian departamentu desberdinetakoetatik ere lortu dugu. Gertatzen dena da leku askotan haurraren izena jartzen dutela baina ez dutela jartzen nongoa den, edo nongoa zen gaizki jarrita dagoela. Liburu batzuetan jartzen dute haurrak bilbotarrak edo bizkaitarrak zirela, gipuzkoarrak zirenean. Lan galanta egin behar izan dugu, ez artxiboan bakarrik, baita beraiekin hitz eginda ere, bizirik dauden gerrako umeekin, edo haien ondorengoekin.  

Haur horietako batzuk oraindik bizirik egongo dira. Erakusketa ikusi al dute? 

J.M.: Arrasaten, gerrako umeekin eta ondorengo batzuekin, tailer batzuk prestatu genituen iaz, eta oso polita izan zen. Oso pozik zeuden; izan ere, esker onik ez dute izan orain arte, eta beraientzat garrantzitsua da hori. Erakusketan haiek emandako testigantzak ere irakur daitezke, eta telebista batean egindako elkarrizketak ere ikusgai jarri ditugu.  

Proiektuaren liburu bat ere atera duzue. Amaierarik ba al du lan honek? 

J.R.G.: Gipuzkoakoa bukatu eta gero, esan genuen hasi behar ginela Hego Euskal Herriko beste lurraldeetan ere lan egiten, Bizkaian, Araban eta Nafarroan. Pentsatzen dugu gerrako umeak direla bizirik dauden frankismoaren giza eskubide urraketen lekuko bakarrak. Beste denak joan dira. Garrantzitsua da lanketa orain egitea, hemendik urte batzuetara inor ez delako geratuko.  

Intxorta 37 elkartetik abiatu duzue proiektu hau. Zer lan egiten duzue talde horretan? 

J.R.G.: 1986an hasi ginen galdutako memoria berreskuratzen. Lan asko egin ditugu, baina 2021era arte ez ginen konturatu haur hauen gaia landu gabe zegoela. Irailaren 26an Arrasaten eraildakoak eta desagertuak omentzen ditugu. Errusian egondako Bergarako lagun bat etorri zen gugana galdetuz ea noiz gogoratuko ginen gerrako umeez. Hor hasi ginen ikertzen, lehenbizi Arrasaten eta inguruan, Debagoienean, eta oraindik bizirik zeuden 60 lagun topatu genituen. Pentsatu genuen Gipuzkoan beste hainbat edo gehiago egongo zirela. 2023ko martxoan Donostiako Kursaalen egin genuen omenaldi ekitaldia, eta 117 gerrako ume etorri ziren. Denak oso pozik, hori bai.  

Erakusketa larunbat eguerdian zabalduko dute eta otsailaren 16ra arte izango da ikusgai Alondegiko Oxford aretoan, egunero 18:00etatik 20:00etara; asteburuetan ere zabalik izango eguerditan, 12:30etik 14:00etara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide