Balenciaga ontziolako langile batzordeak jakinarazi du gaur gaurkoz ez dagoela akordio irmorik enpresari jarraipena emateko. Prentsa ohar bidez azaldu dute urtarrilaren 21ean bildu zirela enpresako zuzendaritza, administraria eta langile batzordea, eta han eman zietela egoeraren berri. Aldi berean, "laster" lanpostuak desagertzeko enplegu erregulazioko espedientea negozia dezaketela esan dute.
"Ziurgabetasun egoeran" jarraitzen dute beharginek, batzordearen arabera, baina orain artean bezala, aurrerantzean ere lanpostuei eta baldintzei eusteko borrokan jarraituko dutela argi utzi dute. Ekonomia Ministerioarekin izandako bilera "denbora galtzea" izan da, beren ustez: "Abenduan, beste instituzio batzuetako kideekin batera Ekonomia Ministerioarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin izandako bileran proposatu ziguten proiektua jada ez da aukera bezala planteatzen, jakin ahal izan dugunez".
Akordioa errazteko eskatu diete erakundeei, beste behin. "Balenciaga ontziola guztiz bideragarria da, eta hala erakusten du hainbat enpresak hilabete hauetan erakutsi duten etengabeko interesak", iritzi diote. Cofidesekin egindako akordioa da oztopo bakarra, beren ustez.
Elkarretaratzea hilaren 30ean
Zumaiako Udaleko udalbatzarra datorren ostegunean bilduko da, urtarrilaren 30ean. Beharginek bilkura baliatuko dute beren eskakizunak entzunarazteko, eta elkarretaratzea egingo dute udaletxearen parean. EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk plenora eramango duten mozioari babesa eman nahi diote protestarekin.