Izen berriarekin lehiatuko da Zumaiako emakumeen trainerua

Juan Luis Romatet 2025ko urt. 14a, 15:00

Traineru berria lehendabizikoz uretaratu zuten unea, iazko maiatzean. (Juan Luis Romatet)

Telmo Deun arraun elkarteko bazkideek proposamenak egin ahal izango dituzte. Izenak Zumaiarekin, arraunarekin edo emakumeekin harremana izan dezala eskatu du klubak.

Gizonak bezala, Zumaiako arraun elkarteko emakumeak Telmo Deun izeneko traineruarekin lehiatu dira urte hauetan guztietan. Gizonek utzitako ontziekin aritu izan dira emakumeak, eta ontziaren izena aldatzeko aukerarik ez dute izan orain arte. Dena den, denboraldi berrian izen propioa izango du emakumeen ontziak, eta izen hori aukeratzeko prozesua abiatu du Telmo Deun arraun elkarteak. 

«Pasa den denboraldira arte gizonek utzitako traineruekin aritu gara. Iaz, lehendabizikoz, guretzako ekarritako trainerua izan genuen, eta pentsatu genuen polita izango zela ontziak izen berria izatea», dio Jule Egigurenek. Arraunlaria urte askoan –aurten ere ontziko tostetan izango da–, klubeko zuzendaritza aldaketatik batzordeko kidea ere bada zumaiarra. «Pasa den urtean trainerua ekarri zutenean, zuzenean Telmo Deun izena jarri zioten hari, eta hor geratu zen kontua. Baina, batzordean sartu ginenean, gaia atera zen. Azkenean, izenarekin txalupei izaera ematen zaie, eta denak Telmo Deun izan beharrean, aldaketa egitea pentsatu genuen», adierazi du.

Jakinaren gainean ziren, agian, aldaketa hori arraunzale batzuen gustukoa ez zela izango, eta horregatik gaia urteko batzar orokorrera eramatea erabaki zuten. «Ez genuen erabaki hori guk bakarrik hartzea nahi», dio Egigurenek. 

Bazkideen oniritzia

Abenduaren 19an egin zuten asanblada, eta han eman zien zuzendaritzak proposamenaren berri bazkideei. «Bazkide batzuek esan zuten pena ematen ziela aldaketak, betidanik Telmo Deun izan delako trainerua, baina bozketa egitean, aldeko boto askorekin onartu zen proposamena», du gogoan arraunlariak.

Hala, behin batzarraren onarpena jaso ondoren, izen berria aukeratzeko prozesua abiatu dute. Klubeko bazkideek izango dute parte hartzeko aukera, eta proposatutako izenek Zumaiarekin, emakumeekin, arraunarekin edota itsasoarekin harremana izatea eskatu dute. «Beraien aukerak arrazoitzeko ere eskatu diegu», jakinarazi du Egigurenek.

Dagoeneko hasiak dira izenak jasotzen. «Batek edo bestek berriro Telmo Deun izena jartzea ere eskatu du», Egigurenen arabera. Bazkideek urtarrilaren 31 arte izango dute proposamenak aurkezteko epea. Horretarako hainbat bide dituzte: telmodeunae@gmail.com helbidera idaztea, klubak Instagramen duen kontura idaztea, arraun elkarteak itsas kiroldegian duen buzoian uztea proposamena (norberaren izen-abizenak jartzea beharrezkoa izango da) edo klubaren egoitzara agertzea (astelehenero egongo da horretarako aukera, 19:30ean).

Ondoren, behin data hori igarota, jasotako proposamenak mahai gainean jarriko dituzte, eta zuzendaritzak erabakiko du zer izen jarri emakumeek datorren denboraldian Euskotren ligan erabiliko duten ontziari. Dena ondo bidean, Orion otsailaren 15ean egingo duten traineru jaitsierarako izen berria edukitzea aurreikusten dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide