Zumaiena Ikastetxeko espazio berriak inauguratu dituzte

Juan Luis Romatet 2024ko aza. 21a, 09:30

Asteazken arratsaldean egin zuten zabaltze ekitaldia, instituzioetako eta hezkuntza komunitateko ordezkarien eta Zumaiako gizarte, kultura eta kirol ordezkarien presentziarekin. Abian jarri dituzten bi proiekturen berri ere eman zuten inaugurazio ekitaldian.

Ikastetxean proiektu berriak aurrera eramatea ahalbidetuko duten espazio berriak egokitu dituzte Zumaiena ikastetxean. Urtebete baino gehiago iraun dute lanek, eta obrak amaitu dituztela ospatzeko, eta eskaintza berria gizarteratzeko asmoz, inaugurazio ekitaldia egin zuten atzo arratsaldez Zumaiako ikastetxe horretan.

Egun handia zuten atzo eskolan, eta inauguraziora instituzioetako, hezkuntza komunitateko eta herriko gizarte, kultur eta kirol arloetako ordezkariak gonbidatu zituzten. Hala, ekitaldian izan ziren, besteak beste, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatua –Eider Mendoza diputatu nagusia zen etortzekoa, baina gaixotasunagatik ezin izan zuen bertaratu– eta Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea. 

Zumaiena eta herria bat izango gara leloa aipatuz hasi zuten ekitaldia, eta ordezkari politikoen hitzez gain, bertsoak, dantza emanaldia eta abestiak ere izan zituzten espazio berria bete zuten lagunek. Familia, elkarlana, komunitatea sortzea eta euskara indartzea izan ziren ekitaldian zehar hizlariek aipatu zituzten ideiak.

"Zoro puntu batekin egin dugu lanketa guztia, eta horretarako lantalde handi bat izatea garrantzitsua da", adierazi zuen Zumaieneko zuzendari Isaak Aranberrik. Beraien burua "hezkuntzako artisau" giza definitu zuen Aranberrik, eta hezkuntza munduan "eraldaketa" egitearen beharra aldarrikatu zuen. "Proiektu berriak martxan jarri ditugu, ez eskolarentzako bakarrik, gizarte osoarentzako baizik".

Bi proiektu, bi espazio

2014an abiatu zuten Konfiantzazko Pedagogia programaren barruan, dagoeneko 3.000 metro koadrotik gora berritu dituzte. Atzoko ekitaldian, beste bi proiekturen berri eman zuten. Egitasmo horiek "ikasleen egunerokoa eta gizarte eraldaketa eta saretzea bultzatzeko" helburua dutela azaldu zuten.

Batetik, Ekolaborategi Irekia izeneko proiektua sortu dute, "ekintzailetasuna eta sorkuntza garatzeko plazagune den proiektu pedagogiko soziala". Bestetik, Ainguratu izeneko espazioa ere erakutsi zuten. Espazio hori, Aranberriren esanetan, "herriko eragileentzako irekia izango da, baita enpresa berriak sortu nahi dituzten pertsonentzako bilgune ere. Gure ikasleekin curriculumean txertatu ditugun dinamikak sortu ditugu, eta erakundeekin elkarlanean, gure ikasleak protagonista izango diren ekintzak ere antolatuko ditugu, ekintzailetasuna eta ideia berriak sustatzea izanik helburu nagusia".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide