Irakurzaletasuna sustatzeko lau ekitaldi izango dira datozen asteotan

Juan Luis Romatet 2024ko aza. 19a, 13:00

Imanol Azkue 'Hamaika argi gure euskarari' liburuarekin. (Juan Luis Romatet)

Bi ipuinketa saio, liburu aurkezpen bat eta irakurle taldearen saioa izango dira Zumaian datorren asteartetik aurrera.

Irakurtzen duten zumaiarrak arriskutsuak dira lelopean, irakurzaletasuna bultzatzeko ekintza sortu antolatu dituzte herrian datozen astetarako. Hala, bi ipuin kontaketa saio, irakurle taldearen saio bat eta liburu aurkezpen bat izango dira. 

Abenduaren 2an, Hamaika argi gure euskarari liburua aurkeztuko du Imanol Azkuek, 19:00etatik aurrera, Alondegia kultur etxeko ganbaran. Udal artxiboan egindako ikerketa lan baten emaitza gisa, artikulu sorta argitaratu zuen Azkuek Zumaia Guka (orduan Baleike) aldizkarian. Dani Carballok marraztutako irudiekin jantzitako artikuluak liburu forman argitaratu du orain Baleike Kultur Elkarteak, eta hura aurkeztuko du hilaren 2an Alondegian.

Horrekin batera, bi ipuin kontaketa saio ere izango dira, biak ere haur liburutegian 17:30ean. Azaroaren 26an Liburuz liburu ipuin bilduma kontatuko ditu Ana Apikak, eta abenduaren 11n Pantxo zezena Pello Añorgak. Biak ere 5 eta 8 urteko haurrentzako egokiak izango dira.

Abenduaren 10ean, berriz, Unai Elorriaga idazlea bisitan izango da Zumaian, irakurle taldearen saioan. 18:00etan izango da hitzordua, Alondegiko Moila gelan, eta duela gutxi argitaratu duen Francesco Pasqualeren bosgarren arima liburuaren inguruan jardungo du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide