"Bizitza osoa darama lan horretan". Sarritan entzuten dira mota horretako esaldiak norbaiti buruz hitz egiterakoan. Julen Mateos (Zumaia, 2010) gazteari dagokionez, hala da. Ez dago zalantzarik. Izan ere, 2 urte besterik ez zituela igo zen lehendabizikoz moto baten gainera. "Aitak moto elektriko bat eman zidan, eta harekin joaten nintzen eskolara", dio. Kazetariaren harridura aurpegia ikusita, Mateosen amak hala dela berretsi du. "Arrangoletako haurreskolara moto txikian joaten zen. Abiadura kontrolatu behar izaten genion, eta, azkenean, lagun batek motorra trukatu zigun, halako abiadurak harrapa ez zitzan".
Lehenengoz 7 urterekin parte hartu zuen lasterketa batean, eta aurten, 14 urterekin, Gaztela eta Leongo (Espainia), Euskadiko eta Nafarroako txapelketak irabazi ditu, Minimotard 85 kategorian. Proba horiek guztiak, Euskal Herriko txapelketenak barne, Gaztela eta Leongo zirkuitutan egiten dituzte: Palentzian, Valladoliden, Burgosen... Entrenatzera, berriz, Zaragozara (Espainia) joaten da, aitarekin. Motor mundura eraman duen pertsona izateaz gain, mekanikaria ere bada aita, eta motoen sekretuak irakatsi dizkio semeari. "Nola funtzionatzen duen ikastean, ez da hain zaila", dio.
Udaberri hasieratik udazkenera bitartean jokatzen dituzte txapelketa osatzen duten probak. Asteburu askotan etxetik hain urrun joatea nekagarria izan badaiteke ere, Mateos ez da damu, eta pozik joaten dela dio. Moto gainean hartzen duen abiadura du gustuko, horrek sortzen duen adrenalina maite du, baita lehiakortasuna ere. "Lehiakorra" dela adierazi du, eta zirkuituan aurkari dituen lagunak aurreratzea dela gehien gustatzen zaiona. Aurten erorita hanka hautsi bazuen ere –istripu horrengatik ezin izan zuen Espainiako txapelketetako lasterketetan aritu–, horrek "beldurrik ez" ziola eragin dio.
Indar handiagoa
Azken urteotan 85 zentimetro kubikoko motorrarekin lehiatu da, baina hurrengoan 450koaren gainean arituko da. Motorraren indarra boskoiztu egingo bada ere, eta horrek motoa kontrolatzeko zailtasun handiagoak emango badizkio ere, ez da Mateos horren beldur, edo, behintzat, hala azaldu du. Aurtengo proba batean dagoeneko probatu du neurri horretako motoa, eta gogotsu da harekin entrenatzen hasteko. "Moto txikia entrenamenduetarako erabiliko dut, eta handia lasterketetarako". Datorren urteko denboraldian moto berrira ohitzea izango du erronka, ez hainbeste postu onak lortzea.
Ea beste kirolik gogoko al duen galdetuta, baloi kontuak ez zaizkiola interesatzen azaldu du. Eskalada da gustuko duen beste kirol bat; akaso, han ere adrenalina pizten delako?
Edozein kirolarik bezala, Mateosek ere bere erreferenteak ditu, eta maila goreneko kategorietan lehiatzearekin amesten badu ere, errealista da eta jakitun da amets hori betetzea "zaila, ia ezinezkoa", duela. Hala ere, aurrerantzean motoarekin aritzeko asmoa du. Eta behin helmugara helduta, orduan, zer? "Beno, eskalada hor izango dut", dio.