Azaroaren 25a

Sheila Melcon: "Prebentzioa izan daiteke hau aldatzeko arma bat"

Juan Luis Romatet 2024ko aza. 13a, 10:30

Sheila Melcon, eskuinean, urrian Bilbon emandako hitzaldi batean. (Xabier Uria/Caostica.org)

Erasotutako emakumeak, zauritutako komunitateak eta erasotzaile 'arruntak' hitzaldia emango du Melconek (Zumaia, 1987) bihar, 18:30ean, Emakumeon Etxean.

Zer gai jorratuko dituzu biharko hitzaldian?

Eztabaidagune bat zabaldu nahi dut. Ideia batzuk emango ditut, baina helburua bada beste ideia batzuk probokatzea ere. Hitzaldiaren izenean arruntak hitza kakotx artean jarri dut, azken aldian bolo-bolo dabilen zerbait delako: normala zirudien, arrunta zirudien...

Iñigo Errejon politikariarekin gertatu denaz ari zarela dirudi.

Errejonen kasua aterako da bihar, baina hitzaldia duela hilabete inguru konfirmatu genuen, formatu eta izen honekin. Berdintasun teknikariarekin hitz egin nuen, eta badago halako kezka bat ikusten ez den indarkeriaz: kezka sortzen digu pertsona jator horiek, kaletik agurtzen gaituzten horiek, indarkeriaren parte edo erasotzaile izan ote daitezkeen pentsatze hutsak. Aztertuko dugu ea zer den arruntasuna, zer den normaltasuna, eta ea arrunta izan beharrean indarkeriaz betetako maskulinitate baten aurrean gauden.  

Hiltzaileak, bortxatzaileak, munstro bezala irudikatzen ditu gizarteak.

Nik uste dut hortik joan behar dugula, munstroaren eraikuntza edo imajinario sozial hori deseraikitzera. Azkenean, erasotzaileak gure etxeetan ditugu, gure kaleetan, gure tabernetan, gure herriko guneetan. Munstroaren eraikuntza hori nondik datorren aztertuko dugu hitzaldian, eta nola deseraiki behar den. Izan ere, bestela, itsutu egingo gara munstro horien bila eta ez dugu ikusiko aurrean duguna.  

Aurreiritziei ere aurre egin beharko zaie, ezta? Erasotzailearen inguruan zurrumurruak zabaldu ohi dira, baina baita erasotuaren inguruan ere.

Hori da deseraiki behar den beste ideia bat. Orokorrean, zurrumurru ugari izan ohi dira kalean: ez arrazari lotutakoak bakarrik, baita klaseari buruzkoak ere. Esaten dugunean indarkeriak ez duela klaserik eta arrazarik, baizik eta estrukturala dela, horretara joan behar dugu, ez kasu indibidualetara. Botere harremanak landu behar ditugu, eta eremu horretan, noski, badaude arrazakeria edo klase arazoak.

Horregatik, garrantzitsua da komunitatearen ardura. Fokua emakumearengan jarri izan dugu, baina emakumeak ez du zertan ardura hartu behar erasotzaileak egiten dituen ekintzengatik. Komunitatean jarri behar da mira. Herri txikietan, herri mailan, denok dakigu zein diren 'babosoak', sexu erasotzaileak. Nolabait, komunitateak duen funtzioa azaleratu behar dugu.  

Gizartearen esparru guztietan gerta daitezke erasoak, ezta?

Horregatik diogu arazoa estrukturala dela, patriarkatua dagoela honen guztiaren atzean. Ezker-eskuin, urdin edo gorri, berdin dio koloreak edo klaseak; indarkeria boterean dago oinarrituta. Goazen aztertzera nola eraiki dugun gizarte hau. Gizontasun bat edo maskulinitate bat muturreraino eramaten bada, askotan indarkeriaz betetako praktika batzuk egingo ditu. Not all men (ez gizon guztiak), baina bai all men (denak gizonak). Azkenean, beraiek dira indarkeria erabiltzeko aukera dutenak, hala hezi dituztelako edo inpunitateaz aprobetxatu direlako. Ez dugu pertsonarengana joan behar indibidualki, arazoa estrukturala dela esan behar dugu etengabe; nola eratu duten maskulinitate hori eta nola iritsi diren praktika horietara. Azkenean zure aukera da maskulinitatetik emakumea ez gutxiestea. 

Sare sozialak erabili izan dira salaketak egiteko, baina sare berberak gune toxikoak ere bihurtu dira, eta askotan haien bidez egiten dira erasoak.  

Bai, sareetan mugitzen jakin behar dugu. Sare sozialak, gaur egun, arazoak ikusarazteko edo testigantzak partekatzeko guneak izan daitezke, baina baita tranpa bihurtu ere. Hori baino gehiago, aztertu behar dugu ea komisaldegiak zergatik ez diren leku seguruak emakumeentzako; zergatik emakume batek xehetasun guztiak eman behar dituen, morbo puntu batekin, sinestua izateko. Aztertu behar dugu egun martxan dauden espazioek edo mekanismoek zergatik ez duten balio, eta zergatik emakumeak ez diren horietara joaten. Ikusi behar dugu 2004an martxan jarritako mekanismo batek 2024an ez duela balio. 

Gainera, egia da gizon batzuek salaketak jartzen dituztela difamazioagatik eta errugabetasun presuntzioa aldarrikatzen dutela. Hori aztertu beharko da, baina zergatik ez gara zentratzen sinesgarritasun presuntzioan? Sareak erremintak izan daitezke, baina baita armak ere.  

Zauritutako komunitateak aipatzen dituzu. Zer esan nahi duzu horrekin?

Iazko maiatzean Orion izandako hilketaren ondoren hasi ginen ikusten erasotzaileek ez zituztela betiko dinamikak erabiltzen. Orioko hilketa kalean izan zen, eta horrek badu esanahi bat: indarkeria erabiltzen duenak ez du etxe batean edo atari batean erasotzen; leku etxetar batean, kalean, baizik. Publikotasuna aukeratu du; erasotzaileak erabaki du arratsaldeko bostetan parke batean pertsona bat hilko duela. Horrekin, komunitate osoa bihurtu du biktimatzat. Orion, komunitate oso bat mindu zuen erasotzaileak, biktima bera ere komunitatearen parte zelako. Kalean izan diren azken erailketek ardura bat ere jartzen diote komunitateari, ikusten ari garelako kalea erasotzailearentzako ez dela balazta bat.  

Azken urteetan badirudi gizartea aldatzen ari dela. Baina, benetakoa al da aldaketa hori?

Egoera ez da egun batetik bestera aldatuko. Arazoa egituran badago, egitura horretara joan behar dugu. Horretarako, patriarkatua irauli behar dugu. Nola? Bada, prebentzioaren bidez. Prebentzioa izan daiteke arma bat hau guztia aldatzeko. Estruktura bera iraultzeko mekanismo asko behar dira; politika publiko asko eta diru publiko asko. 

Indarkeria matxistari aurre egiteak lehentasuna izan beharko luke agintarientzako, lehen mailako lehentasuna. Emakumeenganako indarkeria kontuak ez dira izan inoiz lehentasun; emakumeak betidanik hil dituztenez, badirudi ez dugula aldaketarako neurririk jarriko. Horregatik, garrantzitsua da erakustea gai honetan badagoela ardura politiko bat, feministok ez dugu-eta erremintarik hau guztia aldatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide