Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatuta, Zumaiako Santiagotxiki ingurunea garbitu eta hondakinak biltzeko elkartu da gaur goizean lagun talde bat. Hain justu, Euskal Kostaldeko Geoparkeak Let's clean up Euskadi (Euskadi garbitu dezagun, ingelesez) ekimenarekin bat eginez antolatu du gaurko garbiketa, eta hamar bat lagunek egin dute bat deialdiarekin.
11:00etan elkartu dira parte hartzaileak Santio hondartzaren ondoko aparkalekuan, eta Geoparkeko langilearen azalpenak entzun bezain laster ekin diote lanari. Taldetan banatuta, minutu gutxiren buruan hasi dira poltsak betetzen, eta gutxi gorabehera ordubetez jardun dute bilketa lanetan.
Guztira, hamar poltsa bete dituzte zaborrez; hala nola plastikozko botilak eta basoak, pizgailuak, pintzak eta freskagarrien latak aurkitu dituzte. Halaber, ibaiak ekarritako plastiko zati txiki asko bildu dituzte lurretik. Amaieran, bilketan sortutako galderak eta hausnarketak partekatzeko denbora izan dute.
Geoparkeak irtenbidea "prebentzioan" dagoela azpimarratu du, "kontsumoa jaitsi eta kontsumo ohiturak aldatzean", hain zuzen. "Ekonomia zirkularraren printzipioak lehenetsi behar dira; erabilera bakarreko produktuak sahiestu eta bigarren eskukoei aukera bat eman".