Ikasleen etapak oinarri dituen logo berria aurkeztu du Zumaiako Herri Eskolak

Intza Trula 2024ko aza. 8a, 17:00

Atzo arratsaldean egin zuten aurkezpen ekitaldia eskolako Sagarbide patioan. Argazki jendetsua atera zuten lehendabizi; jarraian, logoaren jatorriaz hitz egin zuten eragileekin.

Zumaiako Herri Eskolak logo berria du, eta atzo arratsaldean egin zuen aurkezpen ekitaldia eskolako Sagarbide patioan. Haur, irakasle eta guraso mordoa batu zen hitzorduan, eta eguraldia lagun aurkeztu zuten aurerrerantzean eskolaren irudia izango dena. Argazki jendetsua atera zuten lehendabizi, eta logoaren sorreraz mintzatu ziren ondoren eragileekin.

Olatz Gabarain Zumaiako Herri Eskolako DBH eta Batxilergoko zuzendaria da, eta berak eman zituen logoaren jatorriaren azalpenak. Gabarainen esanetan, "administratiboki hiru ikastetxe izan arren, Haur Eskolako, Herri Eskolako, BHI Institutuko eta Lanbide Heziketako irakasleek elkarren berri izateko beharra" sentitzen zuten. Hori hala, tarteka elkartzen hasi ziren, eta lankidetzan jarduteko prestutasuna agertu zuten: “Ez dugu Euskal Eskola Publikoan izena ematen duten familiek alde batetik bestera saltoka dabiltzala sentitzerik nahi".

Batze horretan, guztientzat bera izango zen logo berri bat sortzeko ideia ere otu zitzaien. Logoak ikasle bizitzako etapak irudikatzen ditu, “Zumaiako Herri Eskolan bizitako etapa bakoitza bat eta bakarra baita". Lauburua izan da logoaren inspirazio iturria. Izenak dioen moduan, lau buru dituen sinboloa da Lauburua: bi bertikalek emakumetasuna, sua eta ura irudikatzen dituzte. Bi horizontalek, berriz, maskulinitatea, airea eta lurra. Zumaiako Herri Eskolak elementu horiek "berrinterpretatu" ditu logo berria sortzeko, "eskolaren balioak eta nortasuna islatzeko".

Logoaren kolore urdinak 0-2 urte bitarteko umeen etapa irudikatzen du, "gardentasuna eta eskola honetako ur berriak" direlako. Kolore horia 2-6 urte bitarteko haurren kolorea da, eta "eguzki izpi berriek bezala, gure mundua argitzen duten haurren ibilbidea irudikatzen du". Marroi argiak 6-12 urte bitarteko haurren etapa irudikatzen du, "etengabeko mugimenduan dabiltzan hostoak baitira beraiek". Marroi iluna, berriz, 12-16 urte arteko nerabeen kolorea da, "sustraiak lurrari bezala, familiari ondo errotuta dauden arren, norberaren bidea egiten hasiak baitira". Azken koloreak, urdin ilunak, 18 urtetik gorako ikasleak irudikatzen ditu. "Mundu osoa eskura duten gazteak dira, ozeano zabalaren modukoak, idaztera doazen liburu berriaren parekoak".

Zumaiako Herri Eskolako ordezkariez gainera, aurkezpen ekitaldian izan ziren Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea, Aitor Manterola Hezkuntza, Euskara eta Kirol zinegotzia, Nerea Goiria Hezkuntza eta Euskara zinegotzia, Josune Herrarte Zumaiako Udaleko euskara teknikaria eta Samuel Ruiz Darahli elkarteko lehendakaria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide