Imanol Lopez: "Irabaztea nahi dut, baina gauzak ondo egitean jarri dut fokua"

Juan Luis Romatet eta Mireia Galarza Bastida 2024ko aza. 8a, 11:00

Jai Alai liga irabazita, Winter Series txapelketari ekingo dio astelehenean Imanol Lopez (Zumaia, 1984) puntistak. Pozik dago emaitzekin eta kirola Euskal Herrian izaten ari den susperraldiarekin.

Bukatu da zesta-puntako denboraldia. Nolakoa izan da?

Urte polita. Niretzako oraindik txapelketetan parte hartzea pozgarria da, eta ez hori bakarrik, baita emaitza onak lortzea ere. Ez nukeen imajinatuko honaino helduko nintzenik. 

Jada 21 urte daramatzazu goi mailako zesta-puntan. Hainbeste denboraz mailari eustea espero al zenuen hasi zinenean?

Zenbat eta gazteagoa izan, orduan eta gutxiago pentsatzen dute kirolariek. Hori polita da. Gero, urteek aurrera egin ahala, beste gai batzuk nahasten dira ibilbide profesionalarekin. Hori ere prozesuaren parte polita da. 

Emaitzek lagundu dizute jarraitzen, ezta?

Egia da duela bost edo hamar urte emaitzak lortzea errazagoa zela, baina orain gehiago gozatzen dut. Lan gehiago egin behar da, baina gozamena handiagoa da. Gustura nago, frontoiak ere bete egiten direlako, eta hori kirolari bezala izugarria da, badakigulako hurrengo belaunaldientzat bidea badagoela. Horrekin lasaiago geratzen gara. 

Zumaian hasi zinen zesta-puntan, baina gero atzerrian ere izan zinen, Floridan (AEB). Aurten berriz itzuli zara hiru hilabetez Floridara. Zer topatu duzu han?

Nire bizitzan izan dudan pribilegio bat da hori. 20 urterekin hegazkin batean sartu eta familia atzean utzi nuen, eta iritsi nintzenean paradisuan nengoela iruditu zitzaidan: eguzkia, palmondoak, gustuko nuen kirola... Eta esperimentaziorako aukera nuen. Oraindik haurrak gara 20 urte ditugunean, eta heltze prozesu bat egin behar izaten dugu aurrera ateratzeko. Nire kasuan, etapa hori izugarria izan zen, nahiz eta familiarengandik eta lagunengandik urrundu behar izan nuen. Gauza onak eta ez hain onak bizi izaten dira prozesu horretan, baina horixe dauka bideak.  

Aurten hiru hilabetez izan naiz han. 2015ean kanpaina egin nuenetik, gauzak asko aldatu dira: bada egoitza bat orain modalitate berarekin apustua egin duena. Kristalezko espazio txiki batean jokatzen dute. Sei urte daramatzate horrela jokatzen, eta kirol maila hobetze aldera gonbidatu ninduten. Ibilbide bat egina dut zesta-puntan, eta laguntzera joan nintzen, nahiz eta aukera baliatu nuen familiarekin esperientzia bizitzeko. 

Sei urteren ondoren bizirik daudela esan daiteke, eredu bideragarriagoa asmatu dutela. Ez da errentagarria, baina 30 bat pilotari han daude urte osoan zehar jokatzen. 

Hemen, berriz, kirolak suspertze handia izan du. Sarrerak minutuetan agortzen dira. 

Duela hamar urte ez genuen hori bizi izan. Gaur egun gazteak hor daude, badute kirolaren erakusleiho bat, eskaintza bat, ikuskizuna... Hori guztia positiboa dela uste dut. [Winter Serieseko] Hemezortzi partidetako bakoitzean bi mila ikusle elkartzeak esan nahi du guztira 38.000 igaroko direla harmailetatik. ETBren zuzenekoak ere jarraitzen ditu hainbatek etxetik. Kirola sendotzen ari da, eta horren parte izateak lasaitasuna eta poza ematen dizkit. 

Gazteak kantxan eta harmailetan daude. Horientzako garrantzitsua izango da bide bat irekitzea, ezta?

Bai, kirolaren oinarria indartsu egotea ezinbestekoa baita etorkizuna bermatzeko. Apustuak kendu zituztenetik,  haurrak, aitona-amonak nahiz geure adinekoak edota kirolaz ulertzen ez dutenak ikus daitezke gozatzen pilotalekuan. Ez dago sasijakintsuaren figura klasiko kritikari hori, ikuskizunaz gozatzen duen jendea baizik. 

Liga bakar bat dago orain. 

Bai, estandarizatu egin da. Ezin da kirolean bakarrik pentsatu, kontsumitzailearengan ere pentsatu behar da, eta estrategia honekin errazagoa da dena ikuslearentzat. Orain liga bakarra dago. Duela aste batzuk bukatu genuen Durangon [Bizkaia] aurtengoa, eta zortea izan genuen, irabazi egin baikenuen. Winter Seriesekin hasi dugu hurrengo liga, eta gero, iparraldean nahiz hegoaldean jokatuko diren txapelketak etorriko dira. Guztietan eskuratu ahal izango da puntuazioa azken laukoa jokatzeko. Zaleek orain jakin dezakete non jokatuko dugun, sailkapenean zein postutan gauden edo zein den gure bikotea kantxan. 

Ligako azken laukoan ozta-ozta sailkatu zinen, baina irabazi egin zenuen azkenean.

Eragozpen bat izan ziren kanpoan igarotako hilabeteak. Nire erabakia izan zen Floridara joatea. Ahal izan zen guztia egin nuen azken lauko horretan izateko, eta esan dezakegu txiripaz, puntu gutxirengatik, sailkatu nintzela. 

Nirekin jokatu zuen Xabi Barandikak ere lesio baten ondoren izan zuen aukera sailkatzeko. Iaz Iñaki [Osa Goikoetxea] eta biok lehenak sartu eta laugarren sailkatu ginen; aurten, aurkakoa gertatu da: laugarren sartu ginen, ahulenen postuan, eta irabazi egin dugu. 

Astelehenean jokatuko duzu Winter Serieseko lehen norgehiagoka. 

Itxaropena badugu. Xabi etxekoa da, eta nik han debutatu nuen. Irabaztea beti nahi dugu, baina gauzak ondo egitean jarri dut fokua. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide