Lasterketa luzeari ekin eta ordu erdira abiatu dira 13 kilometroko probako parte hartzaileak Eusebio Gurrutxagatik. Elorriagara joan-etorria egin, eta zalez beteriko Talaimendiko malda igo ondoren iritsi dira berriz ere korrikalariak helmugara.
Gizonezkoetan, Iñigo Gurrutxaga donostiarra izan da bizkorrena, ibilbidea ordubetean osatuta. Lasterketaren erdi partean, Elorriagan, jada minutu bateko aldea atera die bigarren eta hirugarren elkarren parean zihoazen Martin Egizabali eta Peio Ziarsolori. Hurrenkera horretan helmugaratu dira, Egizabal Gurrutxaga baino bi minutu eta ia erdi beranduago, eta Ziarsolo hiru minutu eta erdira.
Emakumezkoetan, berriz, Maite Urteaga zumaiarrak iaz lehen postuan sailkatu zen Ania Hernandez gasteiztarrarekin amaitu du lasterketa, ordubete eta hamar minutuan. Elkarrekin gurutzatu dute helmuga, nahiz eta epaileek Urteaga jarri duten sailkapenaren buruan. Hernandez lasterketaren erdi partean Urteaga baino lehenago zihoan arren, zumaiarrak beherakoan haren parera iristea lortu du. Hirugarren egin du Irune Lertxundi oriotarrak, markagailua ordubete eta hamahiru minutuan zela helmugara iritsita.
Sailkapena kronoak.com webgunean ikus daiteke.