Urriaren 22, 23 eta 24an Ekoturismoaren VII. Kongresua egingo dute Zumaian, Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatuta. Gai honen inguruan Espainia mailan egingo duten biltzarraren zazpigarren aldian, 200 profesional bilduko direla aurreikusten dute antolatzaileek, "estrategiak aztertzeko, ezagutzak partekatzeko eta Espainiako ekoturismoaren orainaz eta etorkizunaz eztabaidatzeko".
Zazpigarren edizio honek arrakastaren gakoak identifikatu nahi ditu "ekoturismoko helmugen kudeaketan eta benetako esperientzien diseinuan eta sustapenean". Horretarako, hitzaldiak, mahai-inguruak eta helmugetako eta enpresetako esperientziak partekatzeko espazioak aurkituko dituzte egun horietan Zumaiara bertaratuko direnek. Biltzarrak irauten duen denboran honako gaiak aztertuko dituztela iragarri du Euskal Kostaldeko Geoparkeak: Ekoturismoaren bilakaera, kudeaketa eta bultzada Espainian, Euskadin, Espainia Berdean eta Euskal Kostaldeko Geoparkean; Ekoturismoko esperientziak diseinatzea eta eskaria eraginkortasunez nola lortu. Garatutako eta abian jarritako ekimen eta proiektuen emaitzak; Geoturismoa; Harrera eta mugikortasun jasangarrirako gaitasunaren kudeaketa ekoturismoko helmugetan; eta Interpretazioaren garrantzia ekoturismoan. Interpretazio eraginkorra egiteko tresnak eta gakoak.
"Ideiak trukatzeko eta ekoturismoa bultzatzeko plataforma" izateaz gain, biltzarrak biodibertsitatea kontserbatzeko konpromisoa berretsi duela ere azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek. "Horrela, inskripzio bakoitzaren kopuru jakin bat Euskal Kostaldeko Geoparkeko Baso-igel iberiarra kontserbatzeko ikerketa proiektura bideratuko da".
Kongresuan parte hartuko nahiko duten pertsonek aurrez izena eman beharko dute biltzarraren webgunean. Interneteko orri horretan bertan aurkituko dute kongresuari buruzko xehetasun gehiago.