Aitor Agirre: "Euskaltelera jauzi egitea da hurrengo denboraldiko helburua"

Jabi Gonzalez Toston 2024ko abu. 2a, 13:00

Aitor Agirre Bidasoako Itzulian, Hondarribiko etapan. (Utzitakoa)

Denboraldi bikaina osatzen ari da Aitor Agirre (Zumaia, 2003) txirrindularia 23 urtez azpikoetan: Espainiako txapeldun izan da erlojuaren aurka, eta etapak irabazi ditu hainbat itzulitan.

Zer izan da zuretzat 23 urtez azpiko Espainiako txapeldun izatea erlojupekoan?

Kristorena. Iaz hasi ginen horretan pentsatzen, pila bat prestatu gara lasterketa horretarako; denboraldi hasieratik hor geneukan burua. Iaz gertu egon nintzen, bederatzigarren egin nuen, eta aurten dena ematera etorri gara.

23 urtez azpiko kategorian, hurrengo denboraldia izango duzu azkena. Helburua tituluari eustea izango al da?

Helburua izango da ahal bada Euskaltelera joatea, eta bestela, berriz titulua lortzea.

Aukera baduzu, beraz, profesionaletara jauzi egiteko.

Uste dut aukerak badaudela, bai. Gure esku zegoen guztia eginda dago, eta orain itxoitea tokatzen da.

Bidasoako Itzulian etapa bat irabazi duzu eta baita lidergoa ere, Zamorako Itzulian ere aurreneko erlojupekoa irabazi zenuen... Emaitza onak dira afizionatu mailan.

Ez nuen espero halakorik. Aurreneko podiuma Natxituan [Ea, Bizkaia] egin nuen; hirugarren izan nintzen. Hurrengo lasterketa Bidasoakoa zen, eta ikusi genuen erritmo politean nengoela, indar dezenterekin, eta hara dena ematera joan ginen. Ondo atera zen.

Aurreko lasterketetan ihesaldi askotan ibili zinen, borrokalari... Gustura al zaude egindako denboraldiarekin?

Oso gustura. Pelotoian joanda ezin dut gauza askorik egin, eta beti saiatzen gara ihesaldietan sartzen eta podiuma edo garaipena lortzen.

Zure profila gehiago da Oier Lazkanorena, adibidez.

Hori da; klasikomanoa eta eskapadan joatea, kar-kar.

Irailean Zurichen [Suitza] egingo diren Munduko Txapelketan parte hartzeko aukerarik izango al duzu? Ala Beloki semea-eta joango dira?

Nik erlojupekoa bakarrik egin dut, eta ez dut uste joango naizenik; Beloki, esaterako, ni baino askoz indartsuagoa da, eta oso ondo ezagutzen du pelotoi mundua.

Bai Bidasoan, bai gero Zamoran (Espainia), etapa irabaztearekin batera liderraren malllota ere jantzi zenuen, baina zorte txarra izan zenuen bietan, aurrenekoan erorketa batengatik, eta bigarrenean, matxura tekniko batengatik.

Bai. Bidasoan aukerak banituen itzulia irabazteko eta maillota etxera eramateko, baina erorketaren ondorioz, dena pikutara joan zen. Zamoran, nahiko justu nindoan, bigarrenari hiru segundo ateratzen nizkiolako, eta borrokatzeko oso zaila zen egoera hori. Bukaeran sukar pixka batekin nengoen, eta esan genuen hobe zela erretiratzea gauzak okerrera joan aurretik.

Denboraldia amaitu al da?

Ez, orain etxeko lasterketak ditugu, eta gero UCIko lasterketa bat dugu profesionalekin batera, Frantzian. 23 urtez azpikoetan dauden profesionalen kontra aritzea guretzat handia izaten da. Oso gogorra izango da guretzat, baina tira, ahal duguna egingo dugu, eta aurrera.

Inoiz lehiatu al zara profesionalen kontra?

Iaz ere korritu genuen, baina ez nuen lasterketa amaitu. Aurten ihesaldia harrapatzera joango naiz, eta ea aukerak dauden, maila horietan zailagoa izaten da eta.

Hirugarren denboraldia egin duzu Laboral Kutxan, Viveros San Anton taldetik jauzi eginda. Urtez urte nabaritu al duzu garapena?

Bai, aurreneko urtean ikastea zen helburua, esandako guztia egin eta kito, lasterketa ez bagenuen amaitzen ere etxera gustura joaten ginen, lana eginda. Bigarren urtean ere berdin, ikasten aritu nintzen; gu baino zaharragoak zeuden taldean, eta zaila izaten da irabaztea edo postu onak lortzea. Hirugarren urtean, berriz, esan didate lehiatzeko prest egon behar dudala, eta dena ematen saiatu naiz. Garaipen batzuk lortuta, oso gustura nago.

Espainiako Txapelketa hemeretzi segundoko aldearekin irabazi zenuen. Ondo, ala justu samar?

Ez, ondo. Hasieran, aurreneko hogei kilometroetan, erregulatzen joan nintzen, eta gero, esan zidatenean zenbateko aldea ateratzen nien bigarrenari eta hirugarrenari, topera hasi nintzen, podiuma lortzeko. 30 kilometroko proban –40 minutuko lasterketa– hogei segundo ateratzea asko da.

Frantziako Tourra segituko zenuen. Egun batean han izatearekin amesten duzu?

Amets hori txirrindulari guztiok daukagula uste dut; Tourra edo buelta handi bat korritzea. Edo etxeko bat, Ordiziako Klasikoa, adibidez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide