Egitarau anitza izango du 40. Musika Jaialdiak

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 25a, 08:30

Uztailaren 30ean hasi eta abuztuaren 11n bukatuko da aurtengo aldia. Zumaiako musikariek presentzia handia izango dute aurtengo edizioko programazioan.

Piano errezitaldi batekin hasi zen duela 40 urte Zumaiako Musika Jaialdia. 1984. urte hartatik gaur arte, musika ardatz zuten dozenaka ekitaldi egin dituzte herrian. Datorren asteartean hasiko den eta atzo aurkeztu zuten 40. aldiak gogoan hartu nahi izan ditu jaialdiaren lehen urte haiek, baina azken urteotako bidea ahaztu gabe. Izan ere, askotariko egitarauaz gozatzeko aukera izango dute musikazaleek abuztuaren 11ra bitartean. 

Alondegiko Oxford aretoan izan ziren jaialdian parte hartuko duten herriko talde edota eragileen ordezkariak, baita udal agintariak ere. Marina Bidasoro kultur zinegotziak eskerrak eman nahi izan zizkien urte hauetan guztietan jaialdiaren antolakuntzan aritu diren norbanakoei, eragileei eta ordezkariei. 

Zumaiako musikariek izan zuten jaialdian emango dituzten kontzertuak aurkezteko aukera. Aurtengo edizioa datorren asteartean, hilaren 30ean, hasiko da, Zumaiako Musika Bandak Odietan (20:00etan) eskainiko duen emanaldiarekin. Kontzertu horretan, big band bat bihurtuko da Musika Banda. «Swing musika izango da errepertorioko oinarria, baina Herbie Hancocken jazz kutsuko bi abesti ere joko ditugu. Uste dugu jaialdiari hasiera emateko modu egokia dela», gaineratu du Joxe Mari Azkue bandaren zuzendariak.

Abangoardia Oxforden

Hilaren 31n, arratsaldean, egingo den klarinete laukote kontzertuaren ondoren (19:30ean, Mari kalean), musika eta bideo artea uztartuko dituzte Maria Zubimendi akordeoi jotzaile zumaiarrak eta Jokin Guridi bideo artistak. 21:30ean izango da emanaldia, Oxford aretoan. Abangoardiako eta barrokoko musikaz osatutako errepertorioa entzun ahal izango da.

Era berean, San Pedro abesbatzak kontzertua eskainiko du Zumaiako Musika Jaialdiaren egitarauaren barruan. Abuztuaren 1ean izango da, 20:00etan, parrokian. Abesbatza horren historia Musika Jaialdiarekin batera hasi zen. Abuztuko kontzertua urteko garrantzitsuena izan ohi da taldearentzako, eta jaialdian urte hauetan guztietan kantatutako abesti esanguratsuez osatu dute errepertorioa.

Abuztuaren 2an, berriz, Sapere Aude Sinfoniettaren kontzertua izango da, 20:00etan, Zumaiena aretoan. Giacomo Pucciniren eta Gustav Holsten obrak joko ditu Jon Malaxetxebarriak zuzenduko duen hamabost laguneko orkestrak. Emanaldi horretan ere urteurrenei keinu egingo dietela adierazi zuen taldekide Marixi Sesmak. Kontzertu solidarioa izango da, eta gastuak berdindu ondoren lortutako dirua minbiziaren aurkako elkartea laguntzera bideratuko dute. Sarrerak salgai daude Turismo Bulegoan edo entradium.com webgunean.

Larunbatean zein igandean, Zumaiako San Pedro parrokiako organoa ezagutzeko bi aukera izango dira. Batetik, hilaren 3an, 12:00etan, hitzaldi musikatua eskainiko dute Iker Gonzalez eta Mari Karmen Azpeitia zumaiarrek. Hurrengo egunean, hilaren 4an, 20:00etan hasita, Lucia Gomez mezzosopranoaren eta Gerardo Rifon organistaren emanaldia izango da parrokian bertan.

Abuztuaren 7an, musika barrokoaren inguruko irakurketa musikatua egingo dute Ubillos jauregiko kaperan. Hilaren 8an bi dantza saio izango dira Odietan, 20:00etatik aurrera. Abuztuaren 10ean, Pucciniren Tosca operaren proiekzioa izango da Aita Mari aretoan. Amaitzeko, Donostiako Musika Hamabostaldiko kontzertua izango da hilaren 11n, 20:00etan, parrokian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide