Helduentzako eta haurrentzako arrantza lehiaketak izango dira abuztu hasieran

Maria Maya Manterola 2024ko uzt. 23a, 11:00

Jaurtiketako arrantza txapelketa baten artxiboko irudia.

Anade ehiza eta arrantza elkarteak antolatu ditu hitzorduok. Abuztuaren 4an, igandearekin izango dira biak ere; helduen lehiaketan izena emateko, uztailaren 29an edo 30ean jo beharko da Anade elkartera.

Urtero legez, helduen eta haurren arrantza lehiaketa antolatu du Anade elkarteak abuztu hasierarako. Aurtengoan, abuztuaren 4an egingo dira biak, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, helduen txapelketan parte hartzeko aurrez eman beharko da izena. Uztailaren 29an edo 30ean 20:00etatik 21:00ak artean Anade elkartera bertara jo beharko da horretarako. 

Haurren lehiaketan parte hartzeko, berriz, egunean bertan lehiaketa hasi baino lehenago eman beharko da izena. XLIX. Kabra eta Dontzeilak arrantza lehiaketa jokatuko dute helduek, Arrain txikien L. txapelketa haurrek.

Helduak izango dira itsasoratzen lehenak, eta 07:00etatik 12:00etara egin ahal izango dute arrantzan. 12:30erako ontzi guztiek Zumaiako kaian egon beharko dute. Edozein ontzi mota onartuko dute txapelketan, baina bakoitzean bi lagunek baino ezingo dute joan. Kofradiako aterpean egingo dute pisaketa, baita emaitzen prestaketa eta sari banaketa ere.

Haurren lehiaketa apur bat geroago jokatu da, 11:00etatik 14:00etara, Arranplatik Talaiperainoko tartean. Parte hartzeko Haurren Federazio Lizentzia izatea beharrezkoa izango da. Lehiaketa jaurtiketa modalitatekoa izango da; eta, beraz, heriotzarik gabeko arrantza mota egingo dute. Jardunaldiaren amaieran, kontaketa eta sari banaketa egingo dituzte Kofradian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide