Maite Aizpuruak eta Garazi Navasek jaso dute Eusko Ikaskuntzaren Gazte Saria

Nerea Uranga 2024ko uzt. 21a, 11:42

Garazi Navas eta Maite Aizpurua saria jasotzen, ostiralean. (Eusko Ikaskuntza)

Adarbakarra eta soinujolea proiektu artistikoari esker jaso dute ikerketa linguistikoko eta sorkuntza artistikoko 2024ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria.

Ostiralean banatu zituzten ikerketa linguistikoko eta sorkuntza artistikoko 2024ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa sariak Bilboko Azkuna Zentroan. Sariak 1995etik Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzietako curriculum onenak aintzatesten ditu, eta 2019tik aurrera gazteek aurkeztutako sorkuntza- edo ikerketa-proiektuak ere bai. Aurtengo edizioan, Itziar Laka hizkuntza-ikertzailea saritu dute, eta Maite Aizpurua (Zumaia, 1990) eta Garazi Navas (Usansolo, Bizkaia, 1995) sortzaileak saritu dituzte Adarbakarra eta soinujolea proiektu artistikoarekin.

Aizpuruak eta Navasek, Adarbakarra eta soinujolea proiektu artistikoaren egileek, saria eskertu zuten, eta saria jasotzeko orduan, kezka agertu zuten kulturak bizi duen egoera prekarioagatik.

Gazte Sariaren proposamen irabazlea 2019tik saria ematera animatzen duen espirituarekin guztiz bat datorren proiektua dela adierazi zuen Eusko Ikaskuntzaren lehendakariak sari banaketan: "Proposamen horrek gure orainaren errealitate konplexuari buruzko hausnarketarako ateak zabaldu nahi ditu, garaikidetasunetik, eta begirada berriak plazaratuz".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide