Ikastaroak eta DJ saioak izango dira biharko surf festan

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 19a, 12:00

Surf festako jarduera bat, artxiboko irudi batean.

Kirolean lehen pausoak emateko ikastaroak egingo dituzte arratsaldez Itzurun hondartzan; DJ saioak, berriz, Amaiako plazan egingo dituzte.

Iazko hutsartearen ondoren –eguraldi txarragatik bertan behera utzi zuten jarduera–, aurten bueltan da Ziske elkarteak antolatutako Surf Festa. Bihar egingo dute, larunbatez, eta ohi bezala kirol horretan lehen pausoak emateko ikastaroak izango dira arratsaldez, eta musika saioak haren amaieran.

Aurtengo edizioak izango du, ordea, berrikuntza bat. Izan ere, aniztasun funtzionala duten haurrei zuzendutako ikastaroak izango dira lehendabizikoz Zumaian. 16:00etatik 18:00etara bitartean izango dira surfeko ikastaro hauek eta haietan aritzeko hamar haurrek eman dute izena. Caixabankek eta Fundación la Caixak emandako laguntzari esker, haur hauek material berezia erabili ahal izango dute ikastaro hauetan, baita parte hartzaile bakoitzak ikasle edo monitore bat izan ere.

Behin ikastaroen lehen txanda hori amaitzean, kirol honetan lehenengoz aritu nahi duten bestelako pertsonei zuzendutako saioak izango dira. 18:00etatik 19:00etara bitartean izango direla aurreikusi dute Ziske elkarteko antolatzaileek.

Musika Amaiako plazan

Dena kirola praktikatzea ez dela eta, sabela goxatzeko eta musika entzuteko aukera ere izango da aurtengo Surf Festan ere. Ziskekoen asmoa, aurreko urteetan bezala, musika saioa Itzurunen egitekoa zen, kontzerturen bat programatuz. Kostako zuzendaritzak, baina, ez du jarduera hori baimendu, eta azkenean Amaiako plazan egingo dituzte bai musika saioa, bai mokadutxoa. Bi DJ arituko dira musika jartzen, DJ Maitx eta DJ Saizar, 19:00etatik aurrera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide