Zapatu arratsaldean jokatuko dute Itzurun-Arranpla itsas zeharkaldiaren zazpigarren edizioa. Zumaiako Taosa igeri taldeak antolatutako igeriketa proba honetan haurrak arituko dira lehenbizi eta maila absolutukoak jarraian.
Haurren igeriketa saioa 16:30ean izango da, eta 500 eta 1.000 metro arteko distantzien artean arituko dira. Jarraian, 17:00etan, helduen txanda izango da. Hauek 3.000 metroko distantzia egingo dute igerian, Itzurundik abiatu eta Arbustaingo Arranplara bitartean. Han aterako dira uretatik helmuga puntura heltzeko.
Interesdunek gaur gauerdira arte dute izena emateko aukera. Haurrek 15 euro ordainduko dituzte; helduek, berriz, 35 euro. Izenak kronoak.com webgunearen bidez egingo dira.