Espainiako erlojupeko txirrindularitza txapelketa irabazi du Aitor Agirre zumaiarrak

Juan Luis Romatet 2024ko eka. 21a, 12:51

Aitor Agirre selekzioko kideak besarkatzen probaren amaieran. (RFECiclismo)

Txirrindulari zumaiarra Euskadiko selekzioarekin ari da parte hartzen Galapagarren jokatzen ari diren Espainiako txapelketetan. Erlojupekoa irabazi ondoren, iraupenekoan ere arituko da Agirre.

Sekulako garaipena lortu du gaur Aitor Agirre txirrindulari zumaiarrak. Laboral Kutxa taldeko ziklistak, Euskadiko selekzioko partaide gisa, 23 urtez azpikoen Espainiako txirrindularitza txapelketa irabazi du erlojupeko modalitatean. 

Galapagarren (Madril, Espainia) ari dira jokatzen txapelketak, eta bi modalitatetan arituko da Agirre, erlojupekoan eta iraupenekoan. Erlojuaren aurkako lasterketa gaur goizean jokatu du zumaiarrak. 33,4 kilometroko distantzia egin behar izan dute parte hartzaileek. Zumaiarrak 40 minutu eta 55 segundoa egin du lasterketa; bigarren sailkatu den Alberto Fernandezi 19 segundo atera dizkio, eta 20 segundo hirugarren egin duen Luis Garciari.

Denboraldian lortu duen hirugarren garaipena da hau, aurretik Bidasoako Itzulia eta Gipuzkoako erlojupeko txapelketa ere irabazi dituelako Aitor Agirrek. Profesionaletara salto egiteko pauso handia da gaur Madrilen eman duena.

Iraupeneko lasterketa ere jokatuko du Laboral Kutxako txirrindulariak. Ez da zumaiar bakarra izango Galapagarren, Garazi Bergara eta Maite Urteaga ere bertan direlako Euskadiko selekzioarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide