Behar bereziak dituzten haurrentzako surf ikastaroak emango dira aurtengo Surf festan

Juan Luis Romatet 2024ko eka. 23a, 09:00

Itzurun hondartzaren gainean egin zuten ikastaro hauen aurkezpena. (Juan Luis Romatet)

Uztailaren 20an egingo dute Surf festa Itzurunen eta aurten, lehendabizikoz, behar bereziak dituzten haur eta gaztetxoentzako surf ikastaroak eskainiko dituzte. 

Hilabete barru, uztailaren 20an, egingo da Surf festa Itzurun hondartzan. Arratsaldean hasiko da Ziske elkarteak antolatzen duen jarduera, eta gaua ondo sartuta dagoen arte iraungo du festa giroak herriko hareatzan.

Surf festaren barruan, arratsalde partean, haur zein gaztetxoei zuzendutako surf ikastaro laburrak eskaini izan ditu Ziske elkarteak kirol hau haurrei erakusteko asmoarekin. Aurten, baina, izango da berrikuntza bat. Izan ere, CaixaBank eta Fundacion la Caixarekin heldutako akordio bati esker, behar bereziak dituzten haurrei zuzendutako ikastaroak ere eskainiko dituzte. 

"Kirol hau denen eskura jartzea da helburua", azaldu zuen CaixaBankeko kide Maria del Villar Ferrer-ek ostegun arratsaldean Zelai talaso-hotelean egindako agerraldian, eta autismoaren espektroko nahastea duten pertsonen elkarteak eta beste talde batzuk egindako eskaerari erantzun nahi izan diotela gaineratu zuen. Ziskeko kide Julen Yeregik esan zuenez, elkarteak begi onez ikusi zuen ikastaro hauek antolatzea. "Beraientzako bakarrik ez, guretzako ere esperientzia polita izango da. Elkarren artean ikasiko dugu, surfaren eta naturaren bidez". 

Printzipioz, 4 eta 18 urte bitarteko haurrei eta gazteei zuzendutako ekimena izango da uztailean egingo dutena. Hala ere, adinez nagusia den norbaitek ikastaroetan parte hartu nahi badu, apuntatzea izango duela adierazi zuten. Horretarako, izena emateko, ziske.itzurun@gmail.com posta elektronikoko helbidera idatzi beharko dute. Izena emateko azken eguna uztailaren 10a izango da.

Material aproposa eta monitoreak

Behar berezia dutenentzako ikastaroak 16:00etatik 18:00etara bitartean egitea aurreikusten dute jarduera hauen antolatzaileek. Horretarako, CaixaBankek eta Fundacion La Caixak emandako laguntzaren bidez material aproposa eskuratu dutela ere azaldu zuten Ziskeko lagunek. Parte hartzaile bakoitzak ere monitore bat izango du. Zumaiako surf elkarteko kideak beraiek arituko dire monitore lanetan. "Monitore izateko tituluak baditugu kide batzuk, baita sorosleenak ere", azaldu zuen Ziskeko kide Mikel Lizarraldek. Zumaiako beste surf eskolekin harremanetan jarri direla ere adierazi zuten. "Zer egingo den esan genien eta laguntzeko prest zeudela esan ziguten", gaineratu zuen Yeregik. 

Behin behar berezientzako ikastaroakamaituta, 18:00etatik 19:00etara, ikastaro irekiak izango direla ere jakitera eman zuten.

Aitor Manterolak, Zumaiako Udaleko kirol zinegotziak, poza agertu zuen ekimen hau martxan jarri dutelako. Urritasunen bat duen jendearentzako herriko kirol elkarteetan lanketa egitearen alde agertu zen, eta uztailean Itzurunen egingo den jarduera lehen pausoa izatea espero zuela esan zuen".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide