Itzalpetik, infernuko deia

Juan Luis Romatet 2024ko maiatzaren 22a

Onlifly, Getariako boskotea. (Xabi 'Berriz')

Getariako Onlifly boskoteak Hautz tartian diskoa plazaratu du, bere ibilbideko bigarrena. Punk eta hardcore melodiko estiloko hamar abestiz osatu dute diskoa; denak Getariako euskalkian kantatu dituzte.

Kaliforniako eta Getariako kostaldeek zerikusi gutxi izango dute agian, baina badute lotzen dituen zerbait, eta hardcore melodikoaren zaletasuna izan daiteke lotura hori. Izan ere, Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldeko lurralde horretan dute jatorria Getariako Onlifly boskoteak gurtzen dituen musika talde batzuek, hala nola Bad Religion, Nofx edota Pennywise taldeek. Mikel Agirrek (ahotsa), Aitor Garmendiak (gitarra), Aratz Perezek (gitarra), Iosu Rezolak (baxua) eta Xabi Irigoienek (bateria) osatzen duten rock taldeak bere ibilbideko bigarren diskoa argitaratu berri du, 2021ean atera zuen Go to hell diskoari jarraipena emango dion Hautz tartian, hain zuzen. Hamar abestiz osatu dute disko berria, eta hasieratik taldearen DNAn dagoen punk eta hardcore melodikoak osatzen du lanaren bizkarrezurra. 

2019. urtean sortu zuten taldea laukote gisa, eta gerora bosgarren kide bat gehitu zioten, "bigarren gitarrista bat izateko eta taldearen musika indartzeko", azaldu du Iosu Rezola baxu jotzaileak. Beste talde askori ez bezala, tartean izandako COVID-19aren izurriteak on egin ziela ere adierazi du musikariak. "Geldialdi bat egin eta gauzak hobeto lantzeko aukera eman zigun horrek".

Musika aldetik, bigarren diskoak lehenengoaren bidea jarraitzen du, eta haren berri emateko hedabideetara bidalitako oharrean jasotzen denez, "bi gitarren arteko nahasketa elektrikoak, baxuaren linea dantzagarriak, eskola zaharreko bateriaren erritmo biziak eta Gipuzkoako kostaldeko euskara zakarrean abestutako ahots melodikoak osatzen dute getariarren lan berria". Gaineratu dutenez, "herri arrantzale eta turistikoaren itzalpeko infernu sakonetik ateratako hamar kanta" entzun daitezke diskoan.

Hasieran ingelesezko eta euskarazko abestiak tartekatzen zituen Onlifly taldeak, eta Go to hell lehen diskoa da horren adibide. "Disko hartan, kanten erdiak euskaraz ziren, eta beste erdiak ingelesez. Lagunek-eta esan ziguten abestiak gustatzen zitzaizkiela, baina ez zutela ezer ulertzen", gaineratu du Rezolak. Bigarren disko honetan abesti guztiaz euskaraz konposatu dituzte. "Hori bai, Getariako euskalkia gordetzen saiatu gara", dio baxu jotzaileak.

Getariako Graka kolektiboaren estalpean argitaratutako diskoa Donostian grabatu zuten, Corsarios estudioan, Lolo Ruiz teknikariaren aginduetara. "Instrumentu bakoitza bere aldetik grabatu genuen; bateriak lehenbizi, baxua geroago, gitarrak ondoren eta ahotsa amaieran. Grabazioa nahiko azkar egin genuen. Gero, bai, diskoaren masterizazioarekin-eta denbora dezente pasa genuen". Diskoaren azala, berriz, Blowfuse Kataluniako taldeko abeslari Oscar Ruizek egin die.

Perezen kolaborazioa

Abesti guztiak taldekideek beraiek egindakoak dira, Itoizen Ezekielen Prophezia izan ezik. Euskal musikagintzako talde mitikoaren buru Juan Carlos Perezekin jarri ziren harremanetan, "baimena eskatzeko ez, baina bai asmoen berri emateko. Behin haren oniritzia jaso zutenean, grabazioan kolaboratzera ere gonbidatu zuten Alkolea edo Musikaz blai diskoen sortzailea, baina orduan ezezkoa jaso zuten. "Kolaboraziorik inoiz ez duela egiten esan zigun". Hala ere, pozik dira Perezekin izandako harremanarekin. "Behin bertsioa egindakoan, erakutsi egin genion eta asko gustatu zitzaiola esan zigun; idatzi polit bat bidali zigun", dio Rezolak

Printzipioz, Internet bidez partekatu dute emaitza, Bandcampen eta Youtuben, baina Onlifly taldearen asmoa lana formatu fisikoan ateratzea ere bada, CDan zein binilozko diskoan. Diskoak formatu fisikoan erostearen zaleak direla gaineratu du baxu jotzaileak. "Erromantizismo kontua bada, baina, bestalde, disko bat entzun eta ezagutzeko modu bakarra da, dena batera entzutea, alegia. Bestela algoritmoak nahi duena bakarrik entzuten duzu".

Behin diskoa aterata, hurrengo pausoa zuzenekoetara eramatea izango dute getariarrek. "Hainbestetan entzun dugu diskoa, badugu zuzenean jotzeko gogoa ere", nabarmendu du Rezolak. Jakitun dira, akaso, beraien musika ez dela egokiena uda sasoirako. "Gaztetxeetan eta aretoetan jotzen dugu normalean, baina uda gehiago izaten da jaialdietarako eta festetarako". Hala, oraingoz data bakarra dute lotuta, eta herrian bertan izango da, Getariako festetako egitarauaren barruan. "Ari gara kontzertu batzuk lotu nahian, baina oraindik ez daude hitzartuta eta nahiago dugu ezer ez aurreratu; etorkizunean iragarriko ditugu. Ea aurretik beste hiruzpalau kontzertu lortzen ditugun".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide