Palestinari elkartasuna adierazteko kanpaldia egingo dute bihar Gernika parkean

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 14a, 11:00

Nakba eguna gogoratzen dute bihar Palestinan, eta horrekin batera kanpaldia egingo dute Gernika parkean, Zumaiako hainbat eragilek deituta. 

Mobilizazio ugari deitu dituzte Euskal Herri mailan Palestinari elkartasuna adierazteko eta Israelek Gazan abian duen "genozidioa" geratzeko eskatzeko. Zumaian ere egin dira ekintzak azken egunotan. Hala, pasa den larunbatean elkarretaratzea egin zuten udaletxe aurrean Gernika-Palestina herri mugimenduak deituta. Urola Kostako Kontseilu Sozialistak, berriz, kosta mailako elkarretaratzea egingo du bihar arratsaldez, 19:00etan, Saregileen plazan.

Bihar bertan, Nakba edo hondamendi eguna gogoratuz, kanpaldia egingo dute Zumaian, herriko hainbat eragilek deituta. Nakba eguna da maiatzaren 15a, hondamendiaren eguna (nakba hitzak hondamendia esan nahi du arabieraz). 1948ko maiatzaren 15ean eratu zen Israelgo Estatua, eta horrekin batera, milaka palestinar euren etxeetatik bota edo ihes egitera behartu zituzten. "Palestinarrentzat protesta eta borroka eguna da honakoa, eta Zumaian ere palestinar herriaren aldarriei eta borrokari oihartzuna emateko kalea hartuko dugu egun horretan. Mende erdi pasata, hondamendi gordin honen aurrean, genozidioa gelditzea eta Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko elkartuko gara Gernika parkean datorren asteazkenean", azaldu dute antolatzaileek.

Asteazken arratsaldetik ostegun goizera bitartean egingo dute ekintza Gernika parkean. Zumaiako 11 eragilek egin dute bat deialdiarekin: Darahli Sahararen aldeko elkartea, ELA, Ernai, ESK, Zumaiako Mugimendu Feminista, Zumaiako Gazte Asanblada, Gure Esku, Zumaiako Pentsiodunen Mugimendua, LAB, Sare Herritarra eta Sortuk.

Bihar arratsaldez elkartuko dira Gernika parkean, 18:00etatik 19:00etara bitartean kanpalekua muntatuko dute. 19:30ean, martxa egingo dute parkea eta Talaipe artean Erriotik itsasora, Palestina libre izango da! lelopean. 20:30ean, Rafeef Ziadah poeta palestinarrak euskarazko poemen errezitaldia eskainiko du. Afariaren ondoren (afaria norberak eramango du), film proiekzioa izango da. Behin gaua pasata, elkarrekin gosalduko dute kanpaldian parte hartuko dutenek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide