Palestina askea aldarrikatzeko elkarretaratzea egin dute eguerdian udaletxe aurrean

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 11a, 15:24

Gernika-Palestina herri ekimenak deituta, Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak egin dituzte Euskal Herriko hiri eta herri askotan. Zumaian eguerdian dute, udaletxe aurrean.

Iazko urrian gerra piztu zenetik egoerak okerrera egin du Palestinan. Azken asteotan Egiptorekin muga egiten duen Rafah hirian kokatu dira borrokak, eta Israelek muzin egiten dio nazioarte mailan egin zaion su eten deiari. Hala, Rafahn egoerak muturrera egin duen honetan, elkarretaratzeak egin dira Euskal Herriko hiri eta herri askotan Gernika-Palestina herri ekimenak deituta. 

Zumaian eguerdiko 12:30ean egin dute kontzentrazioa, udaletxe aurrean. Sos Rafah. Palestina askatu! leloa zeraman pankartaren atzean bildu dira gerra honi amaiera eman eta Palestinak bizi duen auziari konponbidea eskatzeko. 

Beste herrietan gertatu bezala, Gernika-Palestina herri ekimenak adostutako idatzi bat irakurri dute. Gernikako herriak pairatutako "basakeria" gogoratu ondoren, idatziak salatzen du palestinarrena dela orain historiatik erauzi nahi duten herria. "Palestina da orain basakeria berri baten protagonista, apenas imajinatu dezakegun horrore berri batekin desagerrarazi nahi duten herria. Basakeria hori bizitzea zer izan daitekeen ez dakigu, baina badakigu basakeria zer den. Eta ez diogu beste izenik emango. Herriaren erausketari genozidioa deituko diogu", irakurri dute.

Palestinan bizitzen ari diren basakeriaren aurrean, amorerik emango ez dutela ere dio idatziak. "Ez gara izango herri oso batekin bukatu nahi duen Estatu kriminal baten konplizeak, ezta ere Estatu horren konplizeak diren beste Estatu guztiak bezain kriminalak. Palestinarren genozidiori aurre egingo diogu". 

Argazkiak: Julen Aperribai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide