Janire Gonzalez-Etxabarrik ezin izan du aurrera egin Munduko Surf Txapelketan

Juan Luis Romatet 2024ko mar. 3a, 10:00

Janire Gonzalez-Etxabarri, Puerto Ricoko txapelketan.

Txapelketan aurrera jarraitu ahal izateko bigarren aukeran edo repeskan kanporatu dute surflari zumaiarra.

Janire Gonzalez-Etxabarri surflari zumaiarrak agur esan zion atzo Puerto Ricoko Arecibon jokatzen ari den Munduko Surf Txapelketari. Behin Parisko Olinpiar Jokoetarako txartela eskuratuta, txapelketan aurrera egitea zuen helburu zumaiarrak. Atzo repeskako edo lehian jarraitzeko bigarren aukerako txandak jokatu zituzten, eta zazpigarren repeskan kanporatu zuten Gonzalez-Etxabarri.

Aurreneko hiru txandetan eta bosgarrenean lehena izan zen zumaiarra, eta bigarren laugarren eta seigarren txandetan. Repeskako zazpigarren txandan Anat Lelior israeldarra, Camilla Kemp alemaniarra eta Tessa Thyssen frantziarra izan zituen aurkari. Gutxienez, bigarren izan behar hurrengo fasera pasatu ahal izateko, baina ez zen posible izan eta 9,03 punturekin laugarren geratu zen bere txandan.

Txapelketa handia egin du, baina, Gonzalez-Etxabarrik Puerto Ricon, eta aurtengo Olinpiar Jokoetarako txartela eskuratu izana da horren froga handiena. Repeskako lehen txandatik abiatuta, eta urrats bat bestearen atzetik eginda, Parisko Jokoetara sailkatzea lortu du, eta 15. postuan amaitzea munduko txapelketa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide