Gazteak hasi dira San Anton jaietarako motorrak berotzen

Maria Maya Manterola 2024ko urtarrilaren 13a

Atzo gauean hasi zuten Getarian San Anton jaietako egitaraua eskuz binakako pilota txapelketarekin. Gaur, larunbata, gazteek hartu dituzte herriko kaleak. Herri bazkaria, elektrotxaranga nahiz kontzertuak antolatu dituzte.

Hasi dira dagoeneko San Anton jaiak Getarian. Atzo eman zioten hasiera udalak eta herriko eragileek elkarlanean festetarako antolatutako egitarauari, Sahatsaga pilotalekuan jokaturiko eskuz binakako pilota txapelketarekin. Gaurkoan, gazte eguna ari dira ospatzen. 

Eguerdian elkartu dira kalean, eta txupina bota eta kalez kale poteoa egin ondotik frontoian egin dute bat. Entsalada eta parrillan eginiko haragia dastatu dituzte elkarrekin makina bat kuadrillak, eta sagardoaz nahiz ardoaz lagundu dute. 

Arratsaldean jarraituko du jai giroak. Matraka elektrotxarangarekin kalejira egingo dute 18:00etatik aurrera, eta gero, iluntze partean, kontzertuak izango dira: Skareggekasko eta Nikotina. Eta, amaitzeko, 03:00 arte, DJ Davila eta Javi Hidalgo. 

Datozen egunetan ere izango dute getariarrek zer gozatua. Hona hemen egitaraua, egunez egun:

Urtarrilak 14, igandea

  • 18:00. Bertso saioa Cristobal Balentziaga Museoan. Bertsolariak: Andoni Egaña, Maddi Ane Txoperena, Julio Soto, Miren Artetxe, Amets Aizpurua eta Onintza Enbeita. Gai jartzailea: Uxune Areizaga. 

Urtarrilak 16, asteartea

  • 17:00. Txokolate beroa, plazan.
  • 18:00. Tomaxen Abenturak: Azken festa. Frontoian.
  • Ondoren. Buruhandiak Gazte Alaiak txistulariekin.

Urtarrilak 17, asteazkena, San Anton eguna

  • 09:00. Diana Gazte Alaiak txistulariekin.
  • 11:00. Meza nagusia.
  • 11:00. Zirku tailerrak Zirkun Zirkoren eskutik, kiroldegian.
  • 11:00. Txakolin berriaren aurkezpena, Cristobal Balentziaga Museoan.
  • Goizean zehar. Talogileak eta bertako ekoizleen azoka.
  • 12:30. Txakolina uzta berriaren dastaketa: irekiera pregoia Sesbastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolarien eskutik, eta ondoren, dastatketa.
  • 13:30. Lizaso eta Egaña bertsolariak udaletxeko balkoitik. 
  • 18:00. Herri kirolen erakustaldia, frontoian. Aizkolariak: Malen Barrenetxea, Ane Zapirain, Julen Gabirondo eta Joseba Otaegi. Harri jasotzaileak: Paulo Azpiazu eta Xabat Olaizola. Lizasok eta Egañak girotuko dute saioa bertsoekin.
  • 19:30. Andoni Ollokiegi musikaria, frontoian.
  • Gauean. DJak Gaztetxean. 

Urtarrilak 21, igandea

  • 09:30. Diana Getariako Musika Bandarekin.
  • 12:30. Getariako Musika Bandaren sanantonetako kontzertua, elizan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide