Azaroak 25

"Indarkeriaz beteriko bizitzak izateaz nazkatuta", kalera atera dira herritarrak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 25a, 15:00

Mugimendu Feministak deituta, manifestazio jendetsua egin dute herrian Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean. Gainera, osteguneko greba feminista orokorrarekin bat egin eta kaleak berriro hartzera animatu dituzte zumaiarrak.

Argazkiak: Maria Maya Manterola

Herritar askok eta askok bat egin dute Zumaiako Mugimendu Feministarekin Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean. Hala, herriko kaleak hartu dituzte Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain! lelopean manifestazio jendetsua egiteko. Beheko Plazan hasi eta amaitu dute protesta.

Bertan, Mugimendu Feministako kideek eta argi adierazi dute "haserre" daudela: "Nazkatuta gaude nazkatuta gaudela esateaz, erailketak zenbatu eta salatu behar izan ditugun beste urte bat izan delako amorratuta, eta, erasoak egunero ikusi eta jasan behar izan ditugulako sutan".

Horren aurrean, "Euskal Herriko Mugimendu Feministaren borroka eta ibilbidea" goraipatu dituzte, haiei esker, "aldaketak" eman direlako jendartean. Nolanahi ere, emandako aldaketa gehienak "azalekoak" izan direla deitoratu dute: "Sistema kapitalista, hetero-patriarkal, kolonialista eta arrazistak bere horretan jarraitzen du. Sistema hori bera da indarkeria matxista ahalbidetzen duen egitura".

Hori horrela, benetako aldaketa eman dadin, horrek egiturazkoa izan behar duela azpimarratu dute: "Indarkeria matxistarekin amaitzeko estrategiak integrala izan behar du eta aldaketak plano guztietan exijitu behar ditugu eta bakoitzerako estrategiak martxan jarri". Helburu hori lortzeko konpromiso irmoa agertu dute, gainera: "Sistema hau irauli arte ez dugu  amore emango".

Bada, bide horretan, hain justu ere, gaur bezala, azaroaren 30an kaleak berriro hartzeko deia egin diete gaurko protestara bertaratu direnei: "Kalera aterako gara zaintza zerbitzu publikoen pribatizazioa ere indarkeria delako, eta, nazkatuta gaudelako indarkeriaz beteriko bizitzak izateaz".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide