Hollywoodeko mila eta bat filmi musika jarri dio Hans Zimmer konpositore alemaniarrak. Harenak dira, esaterako, Gladiator, Interstellar edo Karibeko piraten sagako doinuak. Zumaiako Udal Musika Bandak haren konposizioekin osatutako kontzertua emango du bihar, 13:00etatik aurrera, Zumaiena ikastetxeko aretoan.
Ez da Joxe Mari Azkuek zuzentzen duen musika taldeak zinemako partiturekin osatutako emanaldia eskaintzen duen lehen aldia. Iaz, garai honetan bertan, Santa Zezilia Egunaren aitzakian antolatutako kontzertuan, haurren filmetako doinuak jo zituen bandak. "Azken urteotan kontzertu tematikoak ematen saiatzen ari gara. Pasa den urtean haurren filmetako abestiak jo genituen, baina aurten erabaki dugu konpositore handi baten lanak jotzea. Beti musikari amerikarrak aukeratu izan ditugu, eta aurten alemaniar baten aldeko apustua egin dugu. Aspalditik gustatu izan zait Hans Zimmerren musika, eta haren konposizioez osatutako programa prestatu dugu".
Zimmerren musikak dituen berezitasunak zein diren galdetuta, Azkuek azpimarratu du, oso indartsua izateaz gain, haren konposizioek "oso esaldi luzeak" dituztela. "Da Vinci Code filmeko musikak, adibidez, esaldi batzuk hiru minutukoak ditu, inoiz bukatzen ez direnak. Hori oso berezkoa du musikariak. Gehienak sokarako idatzitako piezak dira, eta moldaketa oso onak badaude ere, zailak dira jotzeko, eta soka horiek haizezko instrumentuekin ordezkatu behar izan ditugu", gaineratu du zuzendari zumaiarrak.
Azkueren kasuan, bada bitxikeria bat ere: filmak gustatzen ez zaizkion arren, Zimmerrek film horietarako idatzitako musika oso gogoko du. «Pearl Harbor filma da adibide horietako bat: filma ez zait gustatzen, baina soinu banda oso-oso polita da». Da Vinci Code filma ere ez duela gustuko esan du zuzendariak; bai, ordea, Zimmerrek harentzako egindako musika.
Biharko kontzertuan film ezagunen doinuak entzun ahal izango dituzte bertaratzen direnek. Askotariko entzuleentzako moduko kontzertua izango dela dio zuzendariak. «Karibeko piraten filmetako musika 5 urteko ume bati gustatzen zaio, baina baita heldu bati ere. Gladiator filmeko musika ere joko dugu, eta oso ezaguna da ikus-entzunezko hori. Aurrez ere jo izan dugu pieza hori, eta asko gustatzen zait: erritmo oso desberdinak ditu, melodikoak batzuk, indartsuagoak besteak».
Emanaldian "sorpresa txikiak" ere izango direla dio Azkuek. Izan ere, pieza batean Banda Txikiko musikariek ere parte hartuko dute. "Gurekin joko dute abestietako bat", esan du.
Bost lan gogoko
Gogokoen dituen Hans Zimmerren bost lan aukeratu ditu Joxe Mari Azkue Zumaiako Musika Bandaren zuzendariak:
1. The dark night (Christopher Nolan, 2008).
2. Gladiator (Ridley Scott, 2000).
3. Dune (Denis Villeneuve, 2021).
4. Pirates of the Caribbean: The Curse of the Black Pearl (Gore Verbinski, 2003).
5. Inception (Christopher Nolan, 2010).