Gogotsu hartu dute Kuadrilla Eguna zarauztarrek

Maria Maya Manterola 2023ko urriaren 21a

Salbideko parkean, Lege Zaharren enparantzan nahiz Musika Plazan izan dira jarduerak goizean zehar. Vista Alegre auzoan, gainera, jada tradizioa den goitibeheren jaitsiera egin dute. 

Haur, gazte eta nerabeentzat ekitaldi sorta zabala izango da gaur Zarautzen, Kuadrilla Egunez. Goizeko lehen orduetatik nabaritu da giroa, eta eguzkia lagun, jende andana izan da Vista Alegre auzoko goitibeheren jaitsiera bertatik bertara ikusten. Gazteek eskuz egindako goitibeherak proban jarri dituzte herritarrek animatu artean. 

Beste txoko batzuetan, berriz, haur eta nerabeei zuzenduriko jarduerak izan dira. Salbideko parkean, esaterako, kamisetak eta karetak margotzeko tailerra egin dute txikienek, eta erraldoi txikiekin atera dira gero kalejiran. Musika Plazan eta Lege Zaharren enparantzan, berriz, alkandora koloretsuak soinean, paella lehiaketan parte hartu dute zarauztarrek. Giro ederrean eta musika lagun prestatu dute jakia, eta elkarrekin dastatu dute gero egindakoa. 

Eguerditik aurrera ere izango da zer gozatua Zarautzen. Hemen kontsultatu daiteke egitaraua. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide