Goikoetxea Lekerikarekin eta Lopez Johanekin arituko dira zesta puntako Winter Seriesen

Juan Luis Romatet 2023ko urr. 18a, 16:33

Gernikan aurkeztu dute gaur Jai Alai Winter Series txapelketa. (Jai Alai News)

Zesta puntak ez du etenik. Durangoko azken laukoaren ondoren, Gernikak hatuko du lekukoa urriaren 30etik aurrera jokatuko den Winter Series txapelketarekin.

Gaur aurkeztu dute Gernikan urriaren amaieratik otsailaren erdi aldera jokatuko den zesta puntako Winter Series txapelketa. Zortzi bikote arituko dira lehian eta hirugarren edizio honetako berezitasuna da bikote bakoitza kolore batekin identifikatuta egongo dela txapelketa osoan zehar. Zumaiako bi puntista handiak, Imanol Lopez eta Iñaki Osa Goikoetxea Gernikako Jai Alaien arituko dira, eta akaso beste zumaiarren bat ere sailkatuko da txapelketara.

Zortzi bikoteak bi multzotan banatu dituzte. Goikoetxeak Lekerikarekin osatuko du bikotea, eta A multzoan arituko da Erik-Minvielle, Goitia-Basque eta Olharan-Del Rio bikoteekin batera. Goikoetxearentzako, gainera, jokatuko duen azken txapelketa izango da erretiroa hartu aurretik.

Lopezek, berriz, Johan izango du aurreko koadroetan eta B multzoan arituko da Erkiaga-Ibarluzea, Laduche-Gorka eta egunotan Zumaian jokatuko den txapelketako bikote irabazlearekin batera.

Guztira hamasei jardunaldi jokatuko dira. Lehenengo hamabiak, ligaxkako partidei dagozkienak dira eta multzo bakoitzeko bi onenak finalerdietara sailkatuko dira. Finalerdiak kanporaketa erara jokatuko dira eta hortik aterako dira bi finalistak. Partida guztiak astelehenetan jokatuko dira, eta ETB-1ek emango ditu 22:30etik aurrera.

Pro Am txapelketa Zumaian

Winter Seriesa, berez, Zumaiako Aitzurin hasiko da eta bihar bertan gainera. Zortzi pilotarik hartuko dute parte: Unai Uranga eta Cosme eta Gonzalo Aguirre zumaiarrak; Jokin Arbe eta Eñaut Salegi markinarrak; Mikel Manzisidor mutrikuarra; Ruben Bailo, noaindarra; eta Urko Lekerikabeaskoa, gernikarra. Hauetako bik izango dute soilik lekua Gernikan. Pro Am-eko bikote irabazleak.

Bihar finalerdiak jokatuko dira, 19:30etik aurrera: Arbe-Manci Urko Lekerika-Salegiren aurka, eta Cosme-Bailo Gonzalo-Urangaren aurka. Finala, berriz, datorren astelehenean jokatuko da, ordu berean, eta irabazleak Winter Seriesen aritzeko aukera izango du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide