Gaur banatu dituzte Nafarroako hiriburuan Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak antolatutako Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Sariko XVII. edizioko sariak. Gaztelaniazko modalitatean Imanol Ulacia Aramendi zumaiarra izan da sariduna Maravillas del espacio izeneko bildumarekin. 3.000 euroko saria jasoko du zumaiarrak. Bildumaren liburua ere argitaratuko dute.
430 lan aurkeztu dira gaztelerazko modalitatera. Jatorriari dagokionez, 25 herrialdetako poetek bidalitako lanak jaso dituzte, eta Javier Asiain Urtasun poetak, Jesus Munarriz Peralta editore, itzultzaile eta poetak, Alfonso Pascal Ros poeta eta editoreak eta Pedro Salaberri Nafar Ateneoko presidenteak osatutako epaimahaiaren arabera, Ulaciaren bilduma izan da onena.
Sei urteko epean lau poesia lehiaketa irabazi ditu zumaiarrak. 2017. urtean, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak antolatutako Ernestina de Champoucin 28. poesia lehiaketa irabazi zuen Ulaciak aurkeztutako poema bildumak. Horren emaitza da 2018. urtean ateratako Bar Kabi liburua. 2021. urtean, Torrelavegan (Kantabria, Espainia) antolatzen duten Jose Luis Hidalgo XXI. poesia lehiaketa irabazi zuen zumaiarrak. Rocas de Itzurun liburua argitaratu zioten sari moduan. Vila de Martorell poesia saria irabazi zuen 2022an, eta sari moduan argitaratu zuten El mundo poema bilduma. Hiru sari hauei Iruñean antolatzen dutena gehitu behar zaio orain.