Nazioarteko Geoparkeen Kongresuan izan zara Marrakexen.
Bai. Leire Barriuso [Geoparkeko kudeatzailea] eta biok izan ginen han, Euskal Kostaldeko Geoparkea ordezkatuz. Bi urtetik behin egiten dute kongresua, munduko geoparke guztiak bilduz. Guztira, 90 lurraldetako 200 geoparketik gorako 1.300 pertsona inguru bildu ginen. Ostegunean hasi zen kongresua, eta aurrez, Unescoren zuzendaritzako zenbait bilera izan ziren. Aurkezpen asko izan ziren, eta guk Geoparkeko zenbait gauza azaldu genituen.
Non harrapatu zintuzten lurrikarak?
Ostiral gauean izan zen lurrikara, eta Leire eta biok Marrakexko plaza nagusian geunden, Espainiako beste geoparke batzuetako kideekin afaltzen. Plaza hori jendez beteta egoten da; bizitzaz beteta. 23:00ak jota agurtu ginen, eta ni taxi batean harrapatu ninduen lurrikarak, hotelera bidean.
Marrakexko medina horma handi batzuekin babestuta dago, eta handik atera ginen; orduan, horma haien atzean luxuzko hotel bat dagoela kontatzen ari zitzaidan taxilaria. Ustekabean soinu erraldoi bat entzun genuen, eta medinako hormak hauts piloa ateratzen eta zati batzuk erortzen hasi ziren; orduan ohartu ginen zerbait gertatzen ari zela.
Nola erreakzionatu zenuen?
Taxilariak kaos hartatik ateratzen asmatu zuen, eta bost minutu barru hotelean nengoen; jendea maletak egiten eta aireportura joaten hasi zen. Horrek ez du inolako zentzurik, baina horrela izan zen. Hoteleko igerilekuko hamaketan igaro genuen gaua, erreplikaren bat izatea posible zelako eta kanpoaldeko eraikin modernoek pitzadura handiak zeuzkatelako. Bigarren lurrikara bat izan zen, 4,5ekoa.
Ez zen eraikin handirik erori, baina bai horma zatiak, eta haiek sekulako hautsa altxatu zuten. Kaos handia sortu zen.
Pentsatu al zenuten lurrikara izan zitekeela?
Hotel berean zeuden kongresuan parte hartzen ari ziren Japoniako eta Mexikoko zenbait geologo. Lurrikaretan adituak dira haiek, baina halakorik sekula ez zutela bizi esan zidaten. Minutu erdian gertatu zen dena, eta ez zidan denborarik eman zer gertatu zen pentsatzeko ere. Hotelera iritsi nintzenean jabetu nintzen lurrikara izan zela; izan ere, autoaren barruan ez genuen dardararik sentitu, autoak berak leuntzen dituelako dardarak. Leirek bai, hark sentitu zituen dardarak, hoteleko sarreran zegoelako.
Zu zeu geologoa zara. Zergatik gertatu zen?
6,8koa izan zen lurrikara, nahiko bortitza; suntsikorra izan zen, epizentroa sakonera gutxikoa zelako. Atlas mendietan, Marrakextik hegoaldera 70 bat kilometrora, izan zuen epizentroa. Ingurua ez da sismikoki oso aktiboa, eta ezusteko handia izan da. Beste mendikate guztiek bezala, baina, Atlasek ere faila piloa ditu, eta horrek erakusten du oraindik mendikate aktiboa dela. Faila alderantzikatu batean gertatu da, eta konpresioagatik materialak bata bestearen gainean kokatzen dira. Hori ez da ohikoa lurrikaretan, normalean zeharkako failetan gertatzen direlako; Turkiakoan, esaterako. Izan ere, lurra alde batera eta bestera mugitzen dute faila horiek. Faila normaletan, berriz, lurra beherantz erortzen da.
Kasu honetan, nolabait esateko, materialak bata bestearen gainean muntatzen dira. Afrikak Europaren aurka egiten duen presio horren ondorio dira Atlasak, baita Pirinioak ere; Iberiar penintsula horregatik dago hain zimurtuta. Gertatutakoak erakusten du Afrikaren eta Europaren arteko talka hori aktiboa dela.
Etxean zara dagoeneko.
Bai. Zaurgarriak gara naturaren aurrean, baina hausnarketa nagusia da badaudela batzuk besteak baino askoz ere zaurgarriagoak direnak. Kasu honetan, herri txikietan bizi diren pertsona xumeak dira, ia ezer ez dutenak, eta beren etxea eta gauza guztiak galdu dituzte. Gure kasuan, berriz, anekdota bat besterik ez da izan. Geologoa naizen aldetik, beti izan dut lurrikara bat sentitzea zer den jakiteko gogoa, lurraren indarraren adierazpen nagusia delako. Egokitu zait bizitzea lurrikara, eta jakin-min hori bat-batean beldurra bilakatzen dela ohartu naiz.