Irailaren 23an ospatuko den Olarro Eguneko batel estropadan izena emateko epea zabalduko du Zumaiako Udalak ostiral honetan. Izena eman nahi duten taldeek irailaren 12ra bitartean izango dute aukera, Lubaki kiroldegian edo internet bitartez.
Mareak direla eta, 10:00etatik 13:30era jokatuko da aurtengo batel estropada. Izena ematen duten taldeek Udalaren Lasuna batelean entrenatzeko aukera izango dute, turismo bulegora joanez, 943143396 telefono zenbakira deituz, edo internet bidez eskaera eginez. Baldintzak eta ordutegiak eskuragarri daude.
Batel estropadan parte hartzeko baldintzak
Hona hemen Zumaiako Udalak Olarro Eguneko batel estropadetan parte hartu ahal izateko ezarri dituen baldintzak:
-
Estropadak goizez bakarrik izango dira, 10:00etan hasi eta 13:30ak aldera arte. Arratsaldean ez da estropadarik izango.
-
Estropada eremua Itsas kiroldegitik irten eta Txomin Agirre kaiaraino joan-etorria izango da.
-
Parte-hartzaileen gutxieneko adina: 13 urte (aurten betetzen dituztenak). Kategoria bakarra izango da.
-
Talde bakoitza lau pertsonek osatuko dute (batelean sartzen direnak), mutilak nahiz neskak.
-
Bandera irabazteko ezinbestekoa izango da lautik bi zumaiarrak izatea.
-
Talde bakoitzak arduradun bat izendatuko du eta haren telefono zenbakia eman beharko du, harremanetarako.
-
Antolakuntzak ez du bere gain hartuko parte-hartzaileek beren buruari edo beste hirugarren bati egin diezaieketen kalte edota lesioen erantzukizunik.
-
Sari banaketa estropada eremuan izango da. Ohiko banderaz gain, azken urteetan egin ohi den moduan, emakumeen partaidetza saritzeko beste bandera bat izango da. Parte-hartzaileen artean bisita gidatu bat ere zozketatuko da.
-
Izen-ematea Lubaki kiroldegian edo online egingo da irailaren 1etik 12ra bitartean (barne), eta nahitaezkoa izango da izen-emateko orria betetzea. Behin izena emanez gero, parte hartzeko konpromisoa hartzen da.
-
Lasuna batela entrenamenduetarako erabili ahal izateko eskaera turismo bulegora presentzialki joan, 943143396 telefono zenbakira deitu edo galdetegi hau bete beharko da, beti ere estropadan parte hartzeko izena eman ondoren. Entrenamenduan txalupa eta arraunen ardura egokia ez duen taldeak ezingo du estropadan parte hartu. Taldearen ardura izango da erabilera baldintzak zein diren jakitea.
-
Zozketa egiteko bilera irailaren 19an (asteartea) 19:00etan izango da. Ezinbestekoa da talde bakoitzetik arduradun bat bileran izatea.