Piper autobus zerbitzua bertan behera gelditzeko arriskua dagoela jakinarazi du horretaz arduratzen den Aldalur autobus enpresak. Azken hogei urteetan, Zumaiatik, Zestoatik, Azpeititik eta Azkoititik Bilboko eta Leioako campusetara joateko aukera eman du zerbitzuak, eta hori bertan behera geratuko balitz, erabiltzaileek arazo handiak izango lituzteke Bilbora heltzeko.
Aldalur enpresak iragarritakoaren aurrean, Urola bailaratik Bilboko eta Leioako campusetara joaten diren ikasleak eta langileak elkartzen eta antolatzen hasi dira autobus zerbitzuak martxan jarrai dezala eskatzeko eta zerbitzua indartzeko.
Zumaian, hainbat herritarrek udalari idatzia helarazi diote, arazoa azalduz. "Azken hogei urteetan Aldalur autobus konpainiak Leioako eta Bilboko campusetara eguneroko joan-etorriak egiteko zerbitzua eskaini die langileei eta ikasleei. Kontua da azken urteetan enpresari ez zaiola errentegarria atera zerbitzu hori eskaintzea, eta duela gutxi zerbitzua eteteko duten asmoa mahaigaineratu digula. Zumaiako, Zestoako, Azpeitiko, Azkoitiko eta Elgoibarko jendeak erabiltzen du autobusa, eta arazo horren aurrean herri bakoitzeko erabiltzaileok udalarekin harremanetan jartzeko pausoa ematea erabaki dugu, herriarentzako arazo handia izango litzatekeen zerbitzuaren etetea ekiditeko".
Idatzian azaldu dutenez, EHUren Leioako campusa "Euskal Herriko kanpusik handiena" da, "bertan dozenaka gradu eskaintzen" dituzte, eta ikasleek bertara autobusez joaterik ez badute, "gradu horiek egiteko aukera galdu" egingo dutela uste dute idatzia sinatu duten herritarrek. Horrenbestez, Piper autobus zerbitzuaren Zumaiako erabiltzaileen izenean, gainontzeko udalekin elkarlanean aritzeko eta arazoari konponbidea ematen laguntzeko eskatu diote erakundeari.
Horrez gain, Zumaiatik autobus zerbitzua erabiltzeko interesa duten herritarrak sarera batzeko eta izena emateko helbide elektronikoa jarri dute martxan herrian: piper@aldalur.com. Herritarrek helbide horretara idatz dezakete mezua.