Elkarretaratzea egingo du Larrainak ostegunean

Intza Trula 2023ko uztailaren 17a

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udalei euskara hutsez funtzionatzeko bidea ezeztatu dien epaia salatu zuteneko irudia. (Uema)

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udalek agiriak eta dokumentuak euskaraz bakarrik egitearen aurka egin du duela gutxi, Euskadiko Toki Erakundeen Legearen 6.2 artikulua bertan behera utziz, eta hori salatzeko egingo du elkarretaratzea Zumaiako euskara elkarteak.

Larraina euskara elkarteak ostegun honetarako deitu duen elkarretaratzean parte hartzera gonbidatu ditu zumaiarrak. Izan ere, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udalek agiriak eta dokumentuak euskaraz bakarrik egiteko irizpideen aurka egin du berriki, Euskadiko Toki Erakundeen Legearen 6.2 artikulua bertan behera utziz.

Espainiako Auztegi Konstituzionalak hartutako erabaki horren aurrean desadostasuna adierazteko elkarretaratzea egin zuten hilaren hasieran Uemako udaletako 125 alkatek eta hautetsik. Bilkura hartan, besteak beste, udalek euskaraz jarduteko duten eskumena defendatu zuten.

Horrenbestez, ostegun honetan, "erasoak salatzeko eta euskaraz bizitzeko nahia aldarrikatzeko" Zumaiako udaletxearen aurrean elkartuko dira, 19:00etan. 

Zarautzen ere orain egun batzuk egin zuten elkarretaratzea, hango euskara elkarte sortu berriak antolatuta.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide