Aizarnazabalgo talde feminista, borrokari eusteko lehen alea

Intza Trula 2023ko ekainaren 15a

Ahalduntzeko eta espazio seguru bat sortzeko elkartu badira ere, zenbait jarduera antolatu ditu talde feministak kanpora begira. Pala txapelketa jokatzen ari dira; ekainaren 23an da finala.

Abian da Aizarnazabalgo talde feminista. 2021eko azaroan hasi ziren herriko hainbat emakume  talde feminista sortzeko lanean. Izan ere, taldeak hedabide honi adierazi dionez, "behar eta interes komun batzuk sentituta" jarri zuten martxan taldearen jarduna. 

Hasteko eta behin, udalarekin hitz egin zuten, eta euren laguntzarekin proiektuari forma ematen hasi ziren. Hasiera batean elkartu zirenen asmoa "ahalduntzea eta espazio seguru bat sortzea" bazen ere, azkenean herriarentzat jarduera ugari prestatu dituzte, eta manifestazioak eta elkarretaratzeak ere antolatzen dituzte gaur egun. 

Formakuntza, lehen pausoa

Talde feministakoek azaldu dutenez, lehenengo hilabeteetan "hiztegia lantzen eta formakuntza jasotzen" zentratu ziren, eta horretarako, Kattalin Miner eta Laura Muelas ekintzaile feministen laguntza izan zuten. Hori horrela, gaur egun biltzen diren pertsonei esker, herriak badu emakumeen aldeko borrokari eusteko lehenengo taldea. 

Denbora gutxi darama martxan talde feministak; aitzitik, ekintza, hitzaldi eta tailer ugari antolatu dituzte jada. Maiatzean eta ekainean zehar, adibidez, emakumezkoen binakako pala txapelketa jokatzen ari dira herrian, eta egitasmoak «uste baino harrera hobea» izan du, antolatzaileek aipatu dutenez.  Horrez gain, antolatutako ekintzen artean dira Magma Mia feminismoa ardatz eta umorea bide dituen Beatriz Egizabalen bakarrizketa, Birritan bortxatua antzerkia eta Elbira dokumentala. 

Halaber, Aizarnazabalen elkarretaratzeak eta manifestazioak deitzeko ardura ere hartu dute "behar den kasuetan". Hamar bikote palan Azken bi hilabeteetan emakumeen pala txapelketa jokatzen ari dira herriko plazako frontoian. Guztira, hamar bikotek eman dute izena txapelketan, eta horiek Aizarnazabalgo herritarrez eta beste herri batzuetako pertsonez osatutakoak direla nabarmendu dute. Antolatzaileek adierazi dute herrian "oso harrera ona" izan duela ekintzak eta "uste baino bikote gehiago" apuntatu direla lehiaketara. 

Txapelketa izaten ari den arrakasta ikusita, oraindik ezer adostuta ez badago ere, datorren urtean ere errepikatzeko asmoa agertu dute talde feministako kideek. Finalera iristen diren bikoteek ekainaren 23an dute hitzordua, herriko plazan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide