Emakumeen kirolak aurrerapauso handiak eman ditu azken urteotan, eta pilotan ere hala gertatu da. Zesta-puntak ez du aldaketa horietatik kanpo egon nahi, eta, hala, emakumeen Winter Series txapelketa antolatu du. Partida Durangoko Ezkurdi frontoian jokatuko dira.
Hiru jardunaldik osatuko dute lehen txapelketa hau. Bi finalerdi izango dira, otsailaren 27an lehena, eta martxoaren 6an bigarrena; finala, berriz, martxoaren 13an jokatuko da. Jaialdi guztiak 19:00etan hasiko dira. Euskal Telebistak eskainiko ditu partida guztiak astelehenetan gaueko 22:30tan.
Zortzi puntista izango dira lanean txapelketa honetan, denak ere oso gazteak. Horien artean izango da Frida Watkins puntista zumaiarra. Ihart Arakistainekin osatuko du bikotea Durangoko txapelketan. Watkinsek lehen jardunaldian jokatuko du Arakistainekin, eta Maite Ortiz de Mendibil eta Maialen Aldazabal izango ditu aurkari.
Gizonezkoen Final Four txapelketa
Emakumeen partiden ondoren, gizonen banakako partida bana jokatuko da jardunaldi bakoitzean. Final Four honetan lau pilotari lehiatuko dira, amaitu berri den Winter Series txapelketako lau destakatuenak eta buruz burukoan espezialistak direnak: Imanol Lopez zumaiarra, Xabi Barandika, Aritz Erkiaga eta Johan Sorozabal.