Lopezek eta Beaskoetxeak jantzi dute Winter Series-ko txapela

Onintza Lete Arrieta 2023ko otsailaren 19a

Lopez, abenduko partida batean.

Finaleko partida bikaina jokatu dute puntistek Gernikan gaur eguerdian. Lehen jokoan 15-8 nagusitu dira Imanol Lopez zumaiarra eta Beaskoetxea, baina bigarrenean gehiago izan dira Barandika eta Lekerika, eta hirugarren eta azken jokoan Lopezen jokaldi batek eman die garaipena.

2.000 ikusleren aurrean jokatu dute Jai Alai Winter Series zesta-puntako finala Gernikako pilotalekuan Imanol Lopez zumaiarrak eta Diego Beaskoetxeak Barandika eta Lekerikaren kontra. Partida oso orekatua izan da. Izan ere, aurreneko jokoan Lopez eta Beaskoetxea ibili dira sendoago, eta 15-8 nagusitu dira. Bigarren jokoan, ordea, bizkaitarrak finago aritu dira, eta 9-15 amaitu da zatia. Tanto ederrak egin dituzte batzuek zein besteek. Lopezek berak, esaterako, errebesean sekulako tantoa egin du, zaleen gozamenerako.

Hirugarren eta azken jokoan denek eman dute zuten onena, eta launa berdinduta iritsi dira azken tantora. Lopez bikain aritu da partida osoan zehar, eta azken tantoan ere ez du hutsik egin: bere tantoak eman die garaipena. Final berezia zen bere kidearentzat, gaur amaitu baitu kirol ibilbidea Beaskoetxeak, eta pozarren zen hori partida amaitzean. Baita Lopez ere: "Denok nahi genuen gaur hemen egon, eta gainera, txapelarekin goaz etxera".

Garaipena jende askori eskaini nahi liokeela esan du zumaiarrak, baina batez ere, Iñaki Aranberrirekin gogoratu nahi duela azpimarratu du, berari "motibazio handia" sorrarazten diolako.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide