1936ko gerran demokrazia eta Errepublikaren alde borroka eginda hil ziren, eta zortzi hamarkada luzez desagertuta egon diren sei gudari eta milizianoren gorpuzkiak itzuli dizkiete gaur haien familiartekoei Bilbon, Gogora Institutuko egoitzan egindako ekitaldian. Hainbat urtez desagertuta –inoiz ez ahaztuta, Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok azaldu duen bezala– egon diren pertsona hauen familiartekoak bertaratu dira ekitaldira. Horien artean izan dira Ignacio Lopetegi Oliden gudari oikiarraren familiartekoak. Ekitaldian izan da, baita ere, Marina Bidasoro Zumaiako Udaleko zinegotzia.
Dani Alvarez kazetariak gidatu duen omenaldi eta eskertza ekitaldian erakutsitako bideo batean gogoratu duten bezala, Begoñako hilerriko hobi komun batean 43 gorpu aurkitu zituzten. Horietatik bost identifikazio xafla batzuk zituzten, eta haiei esker izan zuten beraien familiartekoekin harremanetan jartzeko aukera. Ondoren, azterketa genetikoak egin ondoren izan dute Begoñan hobiratutako bost pertsona horiek identifikatzeko aukera. Hala jakin zuten identifikatutako pertsonetako bat Ignacio Lopetegi Oliden zela, oikiarra, San Andres batailoiko gudaria, ELA-STVri atxikia.
Lopetegi 1937an hil zuten Artxandako batailan, Bilbon. Horren jakitun ziren gudariaren familiartekoak, baina hortik aurrera ez zuten bestelako informaziorik, ez zekiten non egon zitekeen haren gorpua. "Deitu zidatenean esanaz Ignacioren gorpua Begoñako hilerrian agertu zela, kristorena izan zen hori", dio Arantza Ugarte Lopetegi, Ignacio Lopetegiren ilobak bideo horretan. "Gure osaba baserriko langile bat zen, eta legez kanpoko estatu kolpea egin zutenak borrokatzera joan zen. Ez zuten irabazi, baina ikasgai bat eman ziguten", gaineratzen du bideoan.
Ugarte Lopetegi ekitaldian izan da, eta gogoratu du beraien osaba Ignacio, nahiz eta pertsonalki ezagutu ez, haren presentzia beti egon dela familian. "Militarrez jantzitako argazki txiki bat genuen, eta galdetzen genuen ea zein zen gizon hura".
Ignacio Lopetegiren ilobak gogoan izan ditu haren senide guztiak –zortzi anai-arreba ziren– eta bereziki "amama Madalena". "Semea gerrara joan zenerako alarguna zen, zortzi haurrekin. Zenbat sufritu zuen. Osabaren izenean amama ere omenduko dugu", aipatu du Arantza Ugartek. Gogoan izan du, baita ere, Txomineneko Santos. "Hari esker jakin genuen, berandu, gure osaba hil zela. Artxandan berekin zegoen eta bere ondoan hil zuten osaba. Hark esan zion alde egiteko: 'nireak egin du, joan hemendik'", gogoratu du.
"Denek esaten zuten gure osaba galduta zegoela. Baina Ignacioren gorpua hemen dugu orain, eta gurekin eramango dugu ama Madalenaren ondora", esan du hunkituta.
Zumaiatik ekitaldira joandako beste bi familiartekok jaso dute Ignacio Lopetegi Olidenen gorpuzkiak daramatzan kaxa, Miguel Zubimendik eta Dorotea Lopetegik, biak ere Ignacio Lopetegiren ilobak, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren eta Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordearen eskutik.