'Kantu hau kantatu' abesti berria aurkeztu du Jon Maiak

Juan Luis Romatet 2022ko abenduaren 20a

Donostiako Kursaalen emango duen kontzertu handiaren atarian abesti berri bat aurkeztu du gaur Jon Maiak: Kantu hau kantatu.

Ez da Jon Maia geldirik egotekoa. Bederatzi egun barru, abenduaren 28an, kontzertu solidario berezia eskainiko du Donostiako Kursaalen Kantu bat gara liburu-diskoa atera zuela urtea bete denean. Horrekin nahikoa ez, eta orain abesti berri bat plazaratu du, Kantu hau kantatu izenekoa. Hitzak Jon Maiarenak dira, musika, berriz, Nacho Sotorena.

Elkar argitaletxeak ohar bidez adierazi duenez, "Kantu honek garenari buruz hausnartzen du, Jon Maiaren begirada pertsonaletik, galdera batetik abiatuta: Nola iristen da Jon kantu hau kantatzera?". "Kausalitateen eta kasualitateen ondorio" garela ere gaineratzen du, "gure aurrekoek egindakoen ondorio, gertakizun historikoena, erabaki pertsonalena eta nola ez, zoriarena". Amaitzeko, "errima bakarrean txirikorda eta konkatenazio bihurri bat osatzen duen kantu berri bat" dela dio argitaletxeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide