Leire Esnal pala egokituko Espainiako txapeldun

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abenduaren 19a

Eneko Sagarmendi eta Leire Esnal pala egokituko Espainiako txapeldun. (Espainiako Pilota Federazioa)

Eneko Sagarmendirekin osatu du bikotea zumaiarrak eta Joseba Altuna eta Mikel Vegaren aurka nagusitu dira Iruñeko Labriten jokatutako finalean.

Leire Esnal kirolari zumaiarra eta Eneko Sagarmendi mutrikuarra pala egokituko Espainiako txapeldun izendatu zituzten atzo Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatutako finala irabazi ondoren. 25-10 hartu zituzten mendean aurkari izan zituzten Zarautz Kirol Elkarteko Mikel Vega eta Joseba Altuna pilotariak.

Hala, Sagarmendik iaz irabazitako txapelari eutsi dio, Esnalekin bikotea osatuta oraingoan. Mutrikuarra izan zen, hain justu, finalean maila handiena erakutsi zuen pilotaria eta ez zien garaipenera gerturatzeko zirrikiturik txikiena ere utzi ZKEko bikoteari.

Gurpildun aulkikoen kategoriako finala ere jokatu zen atzo eta lehiatuagoa izan zen norgehiagoka; izan ere, 10-9, 4-10, eta 5-1 nagusitu ziren Gaizka Fernandez eta Beñat Lizaso, Joseba Lasa eta Edorta de Antaren aurka.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide