Etxaperen erabilera beren esku geratu dela jakinarazi du Kontseilu Sozialistak

Maria Maya Manterola 2022ko abenduaren 15a

Eroskik jarritako salaketa kentzea lortu dute, "poliziaren presentzia itogarria" saihestuz.

"Hainbat astetako negoziaketan horren alde borrokatu ostean", Zumaiako Etxape Zentro Sozialista egonkortzea lortu dutela jakinarazi du Kontseilu Sozialistak ohar bidez. Datozen egunetan emango dute bertan abiatuko dituzten proiektuen berri.

Azaroaren 8an eman zuen berria Urola Kostako Kontseilu Sozialistak. Espazio berri bat zabaldu zuten Eroskik duela 20 urte denda zuen tokian, Aita Mariko 16. zenbakian. Hainbat astetako negoziaketaren ondoren, Etxape Zentro Sozialista "egonkortzea" lortu duela adierazi du ohar bidez nahiz sare sozialetan zabaldutako bideo batean:

 

Azaldu dute espazioren erabilera Kontseilu Sozialistaren esku geratu dela Zentro Sozialista bat martxan jartzeko, eta baita usurpazioa egotzita Eroskik jarritako salaketa kentzea ere, "hari lotutako kasu errepresiboak eta poliziaren presentzia itogarria saihestuz". 

Hala, "langileriaren antolakuntza independentea" bultzatzeko espazio berri bat irekitzea lortu dutela egin du azpimarra Kontseilu Sozialistak. Edonola ere, antolakuntzaren beharra nabarmendu dute: "Badakigu Zentro Sozialistaren egonkortasuna antolakuntzaren bidez baino ez dela bermatuko". 

Autodefentsa antolatzen

Urola Kostako Kontseilu Sozialistaren ustez, "etengabe" ari dira erasotzen langileen bizi baldintzak eta eskubide politikoak, eta horren aurrean, langileen autodefentsa propioa indartzea baizik ez da soluzioa. 

Datozen asteetan Etxape Zentro Sozialista egonkortzeko lanetan jardungo dute, eta bertan abiatuko dituzten proiektuak iragarriko dituzte. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide