Kafe musikalei aitortza egin diete Klarinete maratoiaren lehen ekitaldian

Juan Luis Romatet 2022ko abenduaren 15a

Atzo hasi zen XXI. Klarinete maratoia Valentin Manterola artistak Mari kalean duen estudioan egin zen kontzertu labur batekin. Eskertzei ere tartea egin zieten atzoko saioan. 

XXI. Klarinete Maratoia abian da dagoeneko. Igandera bitartean izango dira tailerrak, ikastaroak eta, nola ez, kontzertuak. Atzo iluntzean egin zen lehena, Valentin Manterolaren estudioan egindako kafe musikala, hain zuzen. Ez zen kaferik egon; bai, ordea, maratoia osatzen duten familiek prestatutako madalenak eta pastak. Jasotako dirua Caritas eta Save the children erakundeei emango zitzaiela azaldu zuten.

Saioan aurkezle lanetan aritu zen Ibon Manterolak aitortza egin zien Klarinete maratoiaren historian tarte berezia izan duten kafe musikalei. Maratoiaren lehen urteetan Bandak Ubillos jauregian duen lokalean egiten zirela gogoratu zuen, baita azken urteotan Valentin Manterolaren estudioan, Mari kalean. Horregatik, eskerrak eman nahi izan zizkion maratoiaren antolakuntzak artistari lore sorta bat oparituz. Ez zen eskertza bakarra izan: maratoiaren sortzaile eta antolatzaile Marixi Sesmari ere beste lore sorta bat eman zioten bere lagunek.

Uste baino kontzertu laburragoa izan zen: Telemannen obra bat, Andrew Lloyd Webberren bi (bideoan ikus daitekeen Memory horietako bat) eta R. Hammesteinen Edelweiss jo zituzten formazio desberdinek.

Hurrengo kontzertuak

Abenduak 15, 19:30ean: Agora kontzertua, Oxford aretoan.

Abenduak 16, 20:00etan: Hungarian fire ganbera kontzertua, Oxford aretoan.

Abenduak 17, 16:00etan: Klarinete laukoteen kontzertu-lehiaketa, Zumaienako aretoan.

Abenduak 18, 12:00etan: Maratoiko ikasleen amaiera kontzertua, Zumaienako aretoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide