Danbor burrunba San Telmoren etxean

Juan Luis Romatet 2022ko abenduaren 10a

Fromistako dantzariak 2017an Zumaiara egindako bisitan.

Santelmoetako danborrada Palentziako (Espainia) Fromista herrira eramateko bidaia prestatzen ari dira zenbait herritar. 2023ko apirilean egingo da, eta izen ematea zabalik dago.

Santelmoetako danborrada santuaren jaioterrira eramateko bidaia prestatzen hasi dira Zumaian. 2023ko apirilaren 22an eta 23an dute asmoa irteera hori egitea.

"Aurretik ere egon izan naiz Fromistan [Espainia], baina iaz sentitu nuena zumaiar gehiagok ezagutu beharko luketela pentsatu nuen, eta hala otu zitzaidan hara irteera antolatzea", azaldu du Guadalupe Egaña zumaiarrak. Santelmoetako danborradako antolakuntzako kide batzuekin bildu zen ideiaren berri emateko eta bidaia antolatzen hasteko. Erantzun ona izan du, eta danborren taldea osatu dute. Kupelen taldea osatzea falta dute, ordea. Interesatuek 622 39 47 73 telefono zenbakira dei dezakete izena emateko.

Fromistako santelmillo festetan danborra jotzea da irteera antolatzen ari diren helburua. Asteburu horretan bertan San Telmo jaien repetizioak ospatuko dira Zumaian, eta Egaña jakitun da jende batek nahiago duela asteburu horretan herrian geratu. Hala ere, bidaian parte hartzera animatu ditu.

Historiak dio San Telmo Palentziako Fromista herrian jaio zela 1180. urtean Pedro Gonzalez Telmo izenarekin, eta 1246an hil zela Tuin (Galizia). Erlijioso domingotarra marinelen santu izendatu zuten, eta haren omenezko festak ospatzen dira udaberrian Zumaian. XXI. mende hasieran San Telmorekin lotura duten hiru herriak senidetzeko saiakera egin zen. Bidaiak egin ziren, eta harremanak ere estutu ziren hiru herrien artean, baina mugimendu politikoak tarteko, azkenean ezin izan zen prozesua amaitu. Harremanak, hala ere, mantendu egin dira, eta Fromistako 80 laguneko taldea bertaratu zen Zumaiara 2017ko urrian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide