Datorren urte hasieran beteko du bere lehen mende erdia Indamendi bazkunak. Urteurreneko ospakizunen barruan, Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatzen ari dira Zumaiako mendizaleak mendi irteeren bitartez. Datorren igandean, hilaren 20an, Aralarrera joango dira.
Guardetxeko aparkalekutik abiatuta, lehenbizi Artxuetara igoko dira mendizaleak. Jarraian, Iribaserako bidea hartuko dute pagoz jositako basoetan, Ata bailarako larreetan barrena, Aitzarrateta iturburua ikusiko arte. Paisaia aldakor honek Aralarreko beste ikuspegi bat ezagutzeko aukera ematen du. 14 kilometroko luzera du eta 500 metrotako desnibel metatua izango du goiz buelta honek. Luzea izanda ere, edozein mendizaleentzako egokia dela diote Indamendikoek, "bide gozoa baitu, orbelaz eta belardiz hornituta".
Izenak goiko estankoan (943-86 03 57), edo elkartearen webgunean emango dira ostiral eguerdia baino lehen. Autobusa Txomin Agirre kaiko geltokitik aterako da goizeko 7:30ean. Helduek 7 euro ordainduko dute eta haurrek 5 euro. Irteera hauetan parte hartzeko ez da beharrekoa Indamendiko bazkide izatea.