Ertzaintzaren arabera, hamar bat adingabe dutxan zeudenean konturatu ziren ate azpiko zulotik norbaitek sakelako telefonoa sartu zuela bertan zeudenen irudiak grabatzeko helburuarekin. Pertsona horrek alde egin eta gertatutakoa salatu zuten gero aldagelan zeudenek.
Ertzaintzak Udaltzaingoarekin egindako ikerketan identifikatu eta atxilotu du ustezko delitugilea. Hain zuzen, larunbat arratsaldean atxilotu zuten, pertsonen intimitatearen aurkako delitu bat leporatuta.
Gertatutakoa salatzeko oharra kaleratu du Zumaiako Mugimendu Feministak. Oharraren arabera, erasotzaileak gizonezkoek duten inpunitatea eta boterea baliatu zuen emakumez batetako espazio batean erasoa egiteko.
"Nazkatuta gaude gure gorputzen sexualizazioaz. Nahikoa da edozein leku, egoera nahiz jardueretan gure gorputzak objektu sexual bezala hartzeaz. Lasai egin nahi dugu korrika, lasai nahi dugu kirola egin, arropaz lasai aldatu nahi dugu. Ez da normala etengabe mehatxupean bizitzea. Gertatutako erasoa indarkeria matxistaren beste aurpegi bat da, ez da kasu isolatu bat, ezta garrantzirik gabeko gertakaria ere". "Txiki eta bakarti" nahi dituzten arren, "antolatuta eta elkarrekin" egongo direla gaineratu dute.
Udalak eta Aldundiak erasoa gaitzetsi dute
Gertatutakoa intimitatearen aurkako eraso larria da udalaren esanetan, eta horren aurrean, emakumeek edozein espaziotan aske eta seguru biltzeko duten eskubidea aldarrikatu du.
Erasoak publikoki salatu, eta erasotu dituzten emakumeenganako elkartasun eta babesa adierazi nahi izan du udalak oharraren bitartez. Era berean, jakinarazi du bere esku dauden eta beharrezkoak diren baliabide guztiak jarriko dituela erasotu dituzten emakumeen eskura.
Indarkeria matxistaren kausa egiturazkoa agerian utzi du, bide batez, oharrean: " Indarkeria sexistak erasotzaile eta erasotu banakakoak ditu, noski, baina ez dira kasualitate hutsa, ez dira kasu isolatuak; emakumeak indarkeriaz tratatzen dituen sistema baten ondorio dira, indarkeria sexista estrukturala da".
Udal instalazioak espazio seguruak direla bermatzea ezinbestekotzat jo du udalak, eta horretarako, gertatutakoaren aurrean hartu behar diren neurriak zehazteko lanketa jarri du abian. "Instituzioen ardura da herritarron giza eskubideak bermatzea eta Zumaiako Udalak lehentasunezko konpromiso politikoa berresten du indarkeria sexistaren adierazpen guztien aurkako borrokan", gaineratu du.
Herritar guztien inplikazioa eskatu du, amaitzeko, udalak: "Gutako bakoitzaren jarrera aktiboa erabakigarria izan daiteke eraso bat saihesteko".
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere sexu erasoa "irmoki" salatu nahi izan du, eta udalaren adierazpenekin bat egin du. Gaineratu du "gizon eta emakumeen berdintasun eza" dagoela halako erasoen oinarrian. "Emakumeen duintasuna, sexu askatasuna eta intimitatea eskubide urraezinak" dira, Aldundiaren arabera.
Bortizkeria matxistaren aurkako jarrera eta konpromisoar eskatu diete herritarrei, eraso sexistarik gabeko lurraldea eraikitzera bidean.