Mojaxarren Komentua berritzeko 2,8 milioi euroko laguntza jasoko du Zumaiako Udalak

Aitziber Arzallus 2022ko urriaren 28a

Espainiako Hiri Agenda eta Arkitektura Zuzendaritzak 405 proiektu hautatu ditu diruz laguntzeko, eta zerrendaren 65. lekuan jarri du Zumaiako Komentua. Iñaki Ostolaza alkatearen esanetan, 2,9 milioi euro eskatu zituzten eta ia dena eman diete, "beraz, oso berri ona da". Diru horrekin, lanen %60 inguru finantzatu ahal izango du udalak. Lanei azaroan ekitea aurreikusten dute.

Zumaiako Udalari ia 2,8 euroko dirulaguntza emango dio Espainiako Hiri Agenda eta Arkitektura Zuzendaritzak, Komentua berritzeko lanak finantzatzeko. Iñaki Ostolaza alkateak atzo, urriko osoko bilkuran, eman zuen berri ona, Komentuko lanak hasteko aste gutxiren faltan.

Ostolazak azaldu zuenez, Europako Batasunaren Next Generation funtsetik dator Zumaiako Udalak jasoko duen dirua. Pandemiaren ondorio ekonomikoak arintzeko sortu zuen funts hori EBk, eta estatu kide bakoitzari hainbesteko bat ematen dio hark esparru desberdinetako dirulaguntzetan banatu dezan.

Espainiako Hiri Agenda eta Arkitektura Zuzendaritzak erabaki du 405 proiektu laguntzea diruz, eta zerrendan 65. lekuan jarri du Zumaiako Komentua. Dirulaguntza jasotzeko, baina, hainbat baldintza bete behar izaten dituzte proiektuek, energia efizientziari, digitalizazioari eta beste hainbat konturi dagokionez. Hori dela eta, Komenturako proiektuan moldaketak egin behar izan dituztela adierazi zuen Ostolazak, besteak beste, energia efizientziaren arloan.

Horri esker, ia eskatutako guztia jasoko du Zumaiako Udalak. Ostolazaren arabera, "proiektu bakoitzak gehienez hiru milioi euro jaso zitzakeen, guk 2,9 milioi euro eskatu genituen eta 2,8 emango dizkigute". Zehazki, 2.778.070 euro izango dira. Beraz, "oso pozik" daudela adierazi zuen alkateak.

Komentua eraberritzeko 5.085.094 euro erabiliko ditu udalak, eta esandako dirulaguntzarekin, obraren %60 inguru ordaindu ahal izango da. Alkatearen esanetan, "proiektua lehen ere bideragarria zen, eta ahalegin handiak egin dituzte horretarako, baina dirulaguntza honen ekarpena oso garrantzitsua da, bestelako proiektuak ere indartzeko aukera emango duelako".

Komentua eraberritzeko lanak azaroan hasiko dituztela aurreikusten dute, obra zuzendaritzako azken kontuak ixten dituztenean, eta Mojaxarren Komentua sormenerako gune bihurtzea da asmoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide