Suarez Zuloagaren 'Eskuak' artelan bilduma, Zumaiako Oxford aretoan ikusgai

Maialen Etxaniz 2022ko irailaren 24a

Atzo egin zuten irekiera ekitaldia Zumaiako Oxford aretoan, eta artelanen bilduma bertan izango da ikusgai urriaren 16ra bitartean. Musikaz girotuta egin zuten inaugurazio ekitaldia. Eskuak gai hartuta eta artisauen lana goratuz sortutako erakusketa da, eta bisitariek askotariko neurri eta formatutako artelanak ikusteko aukera izango dute.

Ireki dute Ramon Suarez Zuloagak eskuak gai hartuta eta artisauen lana goratuz sortutako Eskuak izeneko erakusketa. Hain zuzen, atzo egin zuten irekiera ekitaldia Zumaiako Oxford aretoan, eta artelanen bilduma bertan izango da ikusgai urriaren 16ra bitartean. Musikaz girotuta egin zuten inaugurazio ekitaldia, eta bertan parte hartu zuten, besteak beste, Ramon Suarez Zuloaga artistak, erakusketaren komisario Ismael Manterolak, Zumaiako Alkate Iñaki Ostolazak eta Maria Zubimendi musikariak.

Bisitariek askotariko neurri eta formatutako artelanak ikusteko aukera izango dute; izan ere, margolanak, marrazkiak, eskulturak nahiz argazkiak jarri dituzte ikusgai; guztira, 60 inguru artelan. Horietako asko artisten eta bildumagilearen konplizitatearen lekuko dira. Astelehenetik igandera bitartean irekiko dute erakusketa, eta sarrera librea izango da. Astelehenetik igandera, 18:30etik 20:30era egongo da zabalik, eta asteburu eta jaiegunetan, 12:30etik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era.

Goraipamena lan artisauei

Ignacio Suarez Zuloagak azaldu zuen artisauen eta artisten familia batetik datorrela, eta "artisauen lanarekiko dagoen mespretxua" aipatu nahi izan zuen. Izan ere, Suarez Zuloagak uste du gaitasun fisikoak adimen kozientea bezain konplexuak izan daitezkeela, eta eskuzko adimenak ezinbestekoak direla egunerokorako. 

Javier Carballo argazkilari zumaiarrak ere bere aletxoa jarri du erakusketan. Izan ere, 80eko hamarkadatik artisauei ateratako argazkiak ikusgai izango dira pantaila batean. Artisau lanak egiten aritu den jende hori guztia "pasioz" bilatu izan duela azaldu du Carballok, horien artean, Azkoitiko abarketariak, saregileak, zizelkariak edota espartzuarekin lan egiten duten nafar artisauak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide