Traineruak gordetzeko garaia

Amaia Urbieta Arruti 2022ko irailaren 20a

Eusko Label liga bukatuta, Urola Kostako traineru guztiek amaitu dituzte denboraldiko lanak. Egindakoaz ikasteko eta atseden hartzeko tenorean dira orain.

Igandean amaitu zen denboraldia oraindik lanean ari ziren eskualdeko traineruentzat. Eusko Label ligako azken bi estropaden ostean, laugarren amaitu du liga Orio Orialkik, eta bosgarren, Getariak. Orioko emakumeentzat Kontxarekin amaitu zen denboraldia, eta gainontzeko traineruek Kontxarako sailkapen estropadan eman zituzten sasoiko azken paladak. Atzera begira jarrita, denboraldiaren balorazioa egin dute taldeek. Aseta daude egindakoarekin batzuk, eta aldarte mingotsagoa geratu zaie beste zenbaiti.

Getaria

Jon Larrañaga Esperantza traineruko entrenatzile eta arraunlariak azaldu duenez, "aise" bete dituzte denboraldi hasieran ezarritako helburuak: azken postua eta play off-ak saihestea. "Oso erregularrak izan gara, eta horrek eman digu indarra eta puntu sorta handia", esan du.

Aurrera begira jartzeko "goiz" dela uste du, bestalde, Larrañagak. "Orain deskantsatu eta deskonektatu beharra dugu denok, eta etorriko da garaia berriro burua martxan jartzeko".

Orio

Nadeth Agirre Orio Orialkiko emakumeen traineruko patroiaren arabera, taldeak bete ditu aurtengo helburuak. "Azaroan egoera berri batekin topatu ginen, arraunlari berri asko genituelako taldean. Lan handia genuen aurretik, eta neguan ordu asko pasatu genituen uretan, blokea sortzeko. Bestalde, talde indartsua genuela ere bagenekien, eta hasiera horretan banderak lortzeko lehian izatea markatu genuen helburutzat".

Hori lortzeko, "lana, lana eta lana" egin behar izan dute urte guztian zehar, eta Agirrek azpimarratu du denboraldiaurre "oso ona" egin zutela.

Zertan ez duten asmatu galdetuta, denboraldiko azken luzea ekarri du gogora patroiak, Kontxako bigarren jardunaldikoa. "Desastre" aritu ziren bere aburuz: "Ez genuen jakin egoerari buelta eman eta gure arraunkera aurkitzen".

Halako denboraldi borobilaren ondoren, "aurrera jarraitzeko asmoa" dutela azaldu du Agirrek. "Kontxa aurretik, Patxi Francesek [entrenatzailea], Rafa Gonzalez Txabarrik [prestatzaile
fisikoa] eta nik esan genuen datorren urtean jarraituko genuela eta, orokorrean, gainontzeko arraunlariak ere aurrera egiteko gogoz daude».

Bestalde, gizonen traineruak ohorezko txandako taldea izatea zuen helburutzat, eta hori betetzat eman dutela azaldu du Jon Salsamendi entrenatzaileak. Arantzarik ere geratu zaie, ordea: "Lehen jardunaldia irabazita, gehiago nahi genuen, eta hori ez dugu lortu". Lanerako konpromisoan fin aritu direla uste du oriotarrak, baina lehiatzerako orduan "plaza gizon" sena ateratzea falta izan zaiela. Orain, atseden hartzea du buruan Salsamendik: "Mutilek merezi dute, eta nik beharra dut. Gero, asmoa, noski, arraunari proiektu erakargarria eskaintzea eta aurtengo lana hobetzea dira".

Zarautz

Zarautz Gesalaga Okelango gizonek sentsazio gazi-gozoa dute. Aitor Elizondo arraunlariaren aburuz, denboraldiaren lehen erdia "gustura geratzeko modukoa" egin zuten, baina bigarren zatian ez dute lortu egindakoarekin konforme geratzerik. "Goitik beherako denboraldia" egin dute. "Borrokatzeko gai izan gara, baina hortik atera garenean lan handiak izan ditugu, eta noraez sentsazioarekin ibili gara", azaldu du Elizondok. Datorren urtera begira, ezer ziurrik ez du mahai gainean jarri arraunlariak. Denboraldia "nekatuta" amaitu dutela esan du, eta orain deskantsatzea eta indarrak hartzea ditu helburu.


Bestelakoa da emakumeen traineruko Uxue Alberdi arraunlariaren iritzia ontzian egin duten bigarren denboraldiaz. Bi helburu zituzten denboraldi hasieran, eta biak betetzat eman ditu Alberdik: batetik, taldea egonkortzea, arraunean hobeto egiten ikastea eta esperientzia irabaztea; eta bestetik, aurreko urteko emaitzak hobetzea. "Egia da beharbada ez garela oso erregular ibili emaitza aldetik, baina behetik gorako denboraldia izan da gurea", esan du.


Atsedenaz gozatzen ari dira, eta ez dira hurrengo denboraldiari begira ipini, baina azpimarratu du lehen helburua izango dela hirugarrenez uretaratzea emakumeen trainerua. Behin hori lortuta, arraunean zailtzen jarraitzea izango dute xede.

Zumaia

Gizonen Delteco Zumaia taldearen helburua iazko lana hobetzea zen, baina, azkenean, "luze samar" egin zaie liga. Zortzigarren amaitu badute ere, "emaitza polit batzuk" lortu dituzte hainbat estropadatan, Odei Arrizabalaga entrenatzailearen arabera. Emaitza kaskarren ondorioz galdutako puntuak berreskuratzea kostatu zaie, baina, Arrizabalagaren arabera, "bigarren txandan egoteko maila" du Delteco Zumaiak. Errioan moldatu dira ondoen entrenatzailearen aburuz, eta pena du itsasoan ez dutelako gozatu. Aurrera begira, datorren urteko helburutzat jarri du "erregularrago" aritzea.

Gabonetan txalupa osatzeko gai izango ote ziren zalantzan zeuden Delteco Zumaiako emakumeak, eta hori kontuan hartuta, "denboraldi ona" egin dutela uste du Joxe Enrike Manterola entrenatzaileak. "Asko aurten hasi dira traineruan, eta asko ikasi dute. Datorren urtean segiko balute, primeran. Eta, pixka bat indartuko bagenu taldea, lehiakorragoak izango ginateke datorren urtean", iritzi dio

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide