Giro paregabea, Olarro Egunean

Julen Imaz eta Aitziber Arzallus 2022ko irailaren 17a

Umeentzako jolasak, kuadrillen arteko batel estropada, olarro zopa dastatzeko aukera, sukaldaritza erakustaldia, txistulariekin kalejira, azoka... Hori guztia eta askoz gehiago eman du Olarro Eguneko eguerdiarteak.  

Adin eta gustu guztietako herritarrentzat egitaraua iragarri zuten Olarro Egunerako, eta halaxe izan da; zumaiarrek izan dute zertaz gozatua gaur goizean. Dozenaka umek parte hartu dute haientzat prestatutako jolasetan; 46 taldek parte hartu dute kuadrillen arteko batel estropadan, dozenaka herritar begira egon zaizkien bitartean; beste hainbatek olarro zopa dastatu dute herriko elkarteek kalean jarri dituzten postuetan; azokan hainbat eratako produktuak erosteko aukera izan da; txistulariekin batera kalejiran eta dantzan ibili dira beste batzuk; hamaiketako ederra egin dute jubilatuek; jendetza bildu du sukaldaritza erakustaldiak; eta dozenaka herritar egon da Zarauzko eta Zumaiako abesbatzek elkarrekin eskaini duten kantaldian ere. Hori guztia eta gehiago izan da gaur goizean herrian, eta festak aurrera jarraituko du arratsaldean eta iluntzean ere. 

Olarro Egunari kuadrillen arteko batel estropadarekin ekin diote zumaiar askok. 10:00etan hasi da Olarro Eguneko XIV. Bandera irabazteko lehia, eta aipatzekoa aurtengoan izan den parte hartzea: 46 talde, 23 txandatan banatuta. Batel bakoitzean lau lagun joan direla kontuan izanda, guztira, 184 lagun. Beste dozenaka lagunek, berriz, arraunlariei begira igaro dute goiza.

Hiru orduz luzatu da lehia, eta 13:00ean egin dute sari banaketa, itsas kiroldegiko pantalanean. Nesketan, Hatu anaza taldeak irabazi du bandera, bost minutu eta zortzi segundoko denbora eginda; mutiletan, berriz, Beteranoak taldeak, hiru minutu eta 50 segundoko denborarekin. Luis Mari Goikoetxea Telmo Deun elkarteko kidea eta Alex Oliden udaleko zinegotzia arduratu dira banderak banatzeaz.  

Estropadan, talde batzuk fibrazko edo plastikozko batelak erabili dituzte; besteek, egurrezkoak. Azken horiek Beduolak utzi dizkie, egurrezko txalupak berreskuratzea helburu duen elkarteak, hain zuzen. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide